Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Basagoitiren ustez, PPren programak «izua eragitea» nahi du Rubalcabak

EAEko PPko buruak dio «presidente sendoa» izango dela Raxoi eta gizarte laguntzak ez dituela murriztuko

Erredakzioa
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Antonio Basagoitik ez du zalantzarik Espainiako hurrengo presidentea Mariano Raxoi PPren hautagaia izango dela. Basagoitiren irudiko, gainera, Raxoi «presidente sendoa, sinesgarria eta moderatua» izango da. Basagoitik, Punto Radio irrati kateari eskainitako elkarrizketan, asteleheneko Raxoiren eta Alfredo Perez Rubalcabaren arteko eztabaida politikoa hartu zuen hizpide. Haren ustez, Rubalcabari eztabaida hark ez zion balio izan bere helburua gauzatzeko. Basagoitiren iritziz, Rubalcabaren asmo nagusia da PPren programak «izua eragitea». Rubalcabak PSOEren programa nabarmentzen ez duen heinean haren gabezia agerian geratzen dela uste du Basagoitik.

Hala ere, EAEko PPko presidenteak azaldu du Rubalcabak zaila duela inkestak iraultzea. «Espainiak Maltari 12-1 irabazi zion bezala, diferentzia hori bera atera behar zuen eztabaidan inkestak iraultzeko». Basagoitiren arabera, Raxoik «eztabaida ona»egin zuen, PSOEk inkestei buelta ez ematea lortu zuelako.

Gizarte murrizketarik ez

Rubalcabak egindako kritiken inguruan, Antonio Basagoitik ukatu egin zuen PPren programan gizarte laguntzak murriztea babestu dutela. «PPk ez du halakorik egingo», esan du irmo Basagoitik. PPren ildo nagusiari jarraiki, Basagoitik dio enplegua sortzeko «ekintzaileei erabateko babesa» eman behar zaiela eta Sozietate Zerga jaitsi behar dela, besteak beste zerga pizgarrien bidez.

PP kudeatzaile ekonomiko ona den mitoa defenditu du Basagoitik. «PPri gauza asko kritikatu dakizkioke, baina ekonomiari aurre egin behar izan diogun bakoitzean aurrez aurre egin dugu. Eta horrekin esan nahi dut lan, energia eta hezkuntza arloko erreformak egin behar direla erakundeek ez duten dirua gasta ez dezaten eta diru hori ekintzaileei ken ez diezaieten».

Basagoitik berak txalotu egin du ETAren auzia eztabaida politikotik kanpo egotea. «Ondo dago batak bestea iraintzeko elementu gisa ez erabiltzea, ETAk lerroburu guztiak hartzen dituen jokalekuetan bere ingurunea profitatzen delako, eta ez diegu indarrik eman nahi». Dena den, asteleheneko eztabaidan ETAri buruz Raxoik jarrera «zentzuzkoa» izan zuela deritzo.

Politikagintzaren krisiaz ere galdetu diote Basagoitiri. PPko buruzagiaren ustez, alderdi bateko zein besteko ustelkeria kasuek «min handia» egin dute, eta «zorroztasun handiagoz» jokatu behar dela iritzi dio. Gainera, Basagoitiren ustez, «klase politikoa herritarrek maiz ulertzen ez dituzten eztabaidetan sartzen da. Krisi ekonomikoari konponbideak ikusten ez zaizkion neurrian herritarren mesfidantza handitzen dela ere aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.