Dolu eguna izan zuten atzo Basaurin (Bizkaia). Bezpera arratsaldean, 23 urteko Loredana Andriescu herritarra hilik aurkitu zuten ertzainek bere etxebizitzan. Aizto zauriak zituen gorputzean, horietako bat sabel aldean. Etxean bertan bere bikotekidea zegoen, ustezko erasotzailea, 27 urteko C.N.P. Hark ere aizto zauriak zituen, eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten, atxilotuta.
Loredana Andriescuren hilketa salatzeko, Basauriko sindikatuen foroa osatzen duten ELA, LAB, UGT, CCOO, ESK, STEE-EILAS eta USO sindikatuek lanuztea eta manifestazioa deitu dituzte gaurko. Lehen aldia da emakumeen aurkako indarkeriak eragindako hilketa baten aurrean sindikatuek lanuzteak antolatzen dituztena. Eguerdian hamar minutuko lanuztea egiteko deia luzatu diete Basauriko lantegi eta saltokiei. Arratsaldean, berriz, manifestazioa egingo dute. 19:30ean abiatuko da Arizgoitiko plazatik. Donato Caballero ELAko ordezkariak azaldu zuenez, protesta ekimen horien bitartez langileria eta gizarte osoa emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitu behar dela kontzientziatu nahi dituzte.
UDALAREN AGIRIA. Atzo eguerdian batu zuen Rafael Ibarguen Basauriko alkateak bozeramaileen batzordea. Ondoren, alderdi guztien artean adostutako testua irakurri zuen. Andriescuren heriotza «irmo» salatu eta haren familiartekoei doluminak eman zizkien. Udalak ustezko erasotzailearen kontra egingo duela epaiketan jakinarazi zuen. Jardun horretan Udalak zigor arloko epaiketetan aritzen diren abokatuak izango dituela aurreratu zuen. «Udala ezin da besoak gurutzatuta geratu gertaera horien aurrean, eta parte aktiboa izan behar du emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako borrokan», esan zuen Ibarguenek. Genero indarkeria kasuak amaitzeko zer egin beharko litzatekeen azaldu zuen: «Horrelako gertaerek agerian uzten dute gizartean patologia larria dagoela. Hori konpontzeko, kultura balioak aldatu behar dira gure gizartean. Ez bakarrik prebentzio politiken bidez; zapalkuntza arloan ere tinko aritu behar da, eta erakunde publikoek erantzun egin behar dute emakumeen kontrako indarkeria kasuak daudenean».
USTEZKO ERASOTZAILEA, OSPITALEAN. Ertzaintza kasua aztertzen ari da oraindik, eta horren inguruko azken berriak eskaini zituen Ibarguenek. Esan zuenez, ustezko erasotzaileak Gurutzetako ospitalean jarraitzen du atxilotuta. Arratsaldean, informazio hori zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Atzo suspertzeko unitatean izan zuten, lasaigarriekin eta arnasa hartzen laguntzeko tresnei lotuta.
Rafael Ibarguen alkatek goizeko agerraldian emandako datuen arabera, biktimak ez zuen inoiz salaketarik jarri bere bikotekidearen kontra. Clara Campoamor elkarteko presidente Blanca Estrella Ruizek esan zuenez, horrek ez du ezer esan gura: «Poliziaren eta gizarte zerbitzuen aurrean salaketarik jarri ez arren, baliteke aurretik ere erasoak jaso izatea, inork ez duelako bere bikotekidea hiltzen lehenego eztabaidan».
Ruizek aurreratu zuenez, beraiek ere akusazio partikular gisa jardungo dute Andriescuren erasotzailearen kontrako epaiketan. Halaber, emakumeen kontrako indarkeriaren kontra ahalegin gehiago egiteko eskatu zien erakunde publikoei, «honek ezin duelako honela jarraitu». Basaurin genero indarkeriagatik hirugarren heriotza izatea azken urteotan «penagarria» dela esan zuen. «Basauriko Udalak zerbitzu onak eskaintzen ditu, beste udal askok egiten ez duten bezala; ez du merezi gertatzen ari zaiona».
Bilgune Feministak ere gogor salatu zuen Basauriko hilketa. Maite Segurola Bilgune Feministako kideak gogoratu zuenez, aurtengo hirugarren heriotza da emakumeen kontrako indarkeriagatik, «baina zoritxarrez ez da azkena izango, neurriak hartzen ez badira». Oporraldian eraso kopurua handitzen dela gogoratu zuen. «Gainera, jai guneetan bortxaketa saio kopurua handitzen ari da». Egoera horren aurrean, neurriak hartzeko eskatu zien agintari publikoei.
Eusko Jaurlaritzak Basaurin gertatutakoa salatu zuen: «Jazoera tragikoa da». Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak «jarrera matxista eta kriminalen aurrean errebelde» izateko eskatu zien herritarrei, «gizon askok horrelako jarrera izaten dutelako emakumeekin».
Eusko Legebiltzarreko Ezker Abertzalea taldeak, bere aldetik, adierazi zuenez, genero indarkeria da gizarteak egun daukan «arazo larrienetakoa». Gogoratu zuenez, beraien esku dagoen Emakumea eta Gazteria Batzordeak lantaldea osatua dauka, arazoari irtenbidea emateko. «Aurtengo balantzea ezin da positiboa izan, hainbat taldaren parte-hartzea oso eskasa izan delako. Horrezaz gainera, Berdintasunerako Legeak ez daukala indarrik salatu zuen, «Irungo alardearen kasuan ikusi den bezala». Berdintasunerako Legea egoerari buelta emateko tresna aproposa izan daitekeela agertu zuen.
Batasunak ere prentsa oharra bidali zuen atzo hilketa salatzeko. Batasunarentzat hilketa horrek agerian uzten du «egungo gizarte sistema kapitalista honek» emakumeen kontrako jazarpena ahalbidetzen duela. «Sistema honek indarrean mantentzen du emakumeak gizonen menpe dauden ustea». Ezker Batuak ere gogor salatu zuen Andriescuren hilketa, eta atzo arratsaldean Basaurin egin zuten elkarretaratzean izan zen. Ezker Batuko Emakume Idazkaritzak horrelako jazoerak erantzutera eta arazoari aurre egitera deitu zituen herritarrak. Era berean, alderdi politikoei eta erakunde publikoei elkarlana eskatu zien, emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitu ahal izateko neurri eraginkorrak hartzeko.
LAB sindikatuak, bere aldetik, emakumeen kontrako indarkerian beste urrats bat emateko eskatu zuen. «Gaitzespen adierazpenetatik eta malkoetatik urrunago joateko garaia da, hau da, bizi garen jendartean eman behar diren aldaketa estrukturalak bideratuko dituzten neurriak abiatzeko garaia da.