Basaurik be bagara jaiaren baitan BERRIAren aldeko entzierroa egingo dute bihar. Euskaraz bizi ahal izateko egun osoko egitaraua antolatu dute herriko elkarteek. San Faustinen entzierroa 14:00etan izango da, hain zuzen.
Jaiari hasiera emateko txupina jaurtiko dute 8:00etan udaletxean, eta ondoren kalejira egingo dute Solabarriaraino. Ekitaldi ugari antolatu dute: mendi irteera, txistulariak eta buruhandiak, esku pilota tailerra, bazkari herrikoia, bideo emanaldiak, kantua, dantza...
BERRIA Taldearen Zure ziztada behar dugu kanpainari lagunduko diote horrela.
Zornotzan, erakusketa
BERRIAren historia eta etorkizuneko erronka izeneko erakusketa zabaldu zuten ostegunean Zornotzan, Zelaieta zentroan. Abenduaren 5era artean izango da zabalik, 8:30etik 21:30ak arte.
Asteleheneko Euskararen Egunaren inguruan Zornotzan antolatu dituzten ekitaldien testuinguruan ireki dute BERRIAri buruzko erakusketa. Ikastolako haurrek egindako euskarazko hedabideen azalak ere badira ikusgai.
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" kanpaina
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.
Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.
Zure ziztada behar dugu kanpainan urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua. Lau mila erdietsi ditu.