Baselizaren jabegoa xede

Iruñeko Artzapezpikutzak eskatuta epaiketa egin da, Garisoaingo jabetza bat argitzeko

Jabier Iltzarbe, argazkiaren erdian, ate ondoan, Lizarrako auzitegiko atarian, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Duela bi urte inguru Garisoain herriak (Nafarroa) Pilarreko baseliza bere izenean hartu zuen. «Baseliza betidanik herriarena izan da», azaldu du Jabier Iltzarbe Garisoaingo Udaleko alkateak. Aldiz, Iruñeko Artzapezpikutzak ez zuen uste bera izan, eta ondasun hori bere izenean egon behar zela erabaki zuen; berriki bere gain hartu dituen gainerako 1.087 ondasunak bezala. Artzapezpikutzak salaketa jarri zuen Garisoaingo herriaren aurka. Epaiketa atzo egin zen, eta, Iltzarberen ustez, «ongi» joan zen.

«Mendian, herritik urrun, dagoen baseliza txiki bat da, ekonomikoki baliorik ez duena», azaldu du Jabier Iltzarbe Garisoaingo alkateak. Garisoaingo herritarrek askotan konpondu dute baseliza, haien dirua erabiliz, «baina hau ez da nahikoa Elizarentzat». 1800. urtetik baseliza Garisoaingo herriari dagokiola dio, eta garaiko dokumentuek hori erakusten dutela. Bada gehiago ere. «Udalerriak eman ditu beti baselizaren inguruko datuak eta kontuak». Elizak, gainera, baseliza berea dela esaten duten dokumenturik ez duela gaineratu du.

Epaiketa atzo egin zen Lizarrako Auzitegian. Udan, epaiketa saihesteko asmoz, Elizak eta Garisoaingo ordezkariek adiskidetzeko ekitaldi bat egin zuten. «Guk baseliza herriarena izatea eskatzen genuen, eta Elizari elizkizunak egiteko aukera ematen genion». Artzapezpikutzak, aldiz, ez zuen onartu herriak proposatutakoa. «Ondasunak nahi dituzte; ez dakigu zergatik, baina ondasunak izatea interesatzen zaie».

Epaiketa egin behar izatea «lotsagarria» dela uste du Iltzarbek. «Artzapezpikutzak beste herrientzako epai zentzagarria izatea nahi du». Gainera, epaiketa desorekatua dela salatu du alkateak: «Gu 30 biztanleko herri bat gara, eta ez ditugu baliabide nahikoak epaiketa batera joateko. Lotsagarria eta desorekatua da: artzapezpikutza herri txiki baten kontra».

Epaiketatik «sentipen onarekin» atera zen atzo Iltzarbe. Juan Jose Bea Garisoaingo apaiza eta bi herritar Artzapezpikutzaren lekuko joan ziren, eta kontraesan asko izan zituztela esan du Iltzarbek: «Ez zuten onartu nahi herritarrak aritu direla beti baselizaren alde egiten. Anaidia apaiza ohiak sortu zuela esan dute, eta gezurra da, betidanik egon delako, eta abar». Herriaren ordezkari gisa Jabier Iltzarbe Garisoaingo alkatea, herriko idazkaria eta herritar bat joan ziren.

Garisoaingo Udalaren aldeko froga hoberena artzapezpikutzak berak aurkeztutako froga bat dela dio Iltzarbek. «1807. urteko testu bat da, eta bertan herriko elizak herriarenak direla esaten da». Gainera, baselizaren kudeaketaz eta mantentze lanez herria arduratu denez Elizak horren inguruko dokumenturik ez duela azaldu du. Beste froga batzuk beranduegi lortu dituzte, eta ezin izan dituzte epaiketan aurkeztu. Epaiaren zain daude. Alde bat zein bestea Iruñeko Auzitegian helegitea jartzeko prest daudela argi du Iltzarbek.

«Oso garrantzitsua izan da herriek eta kontzejuek eman diguten laguntza», azaldu du alkateak. Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma ere lagun izan dute; epaiketa aurretik elkarretaratzea egin zuten atzo, sostengua emateko.

Ez da hau beren lehendabiziko auzibidea. Iazko irailean Lizarrako Auzitegiak Jabier Iltzarbe Garisoaingo alkatea irainengatik errugabetzat jo zuen. Elizakoak lapurrak leloa zuen pankarta jarri zuen kalean, eta herriko apaizak salaketa jarri zuen. Foru poliziak kentzeko eskatu zion, baina ez zuen agindua bete, eta Poliziaren eskakizunei kasurik ez egiteagatik 400 euroko isuna ezarri zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.