Goizeko seietan hasi eta gaueko hamarretan bukatzen den jarduna ohikoa da baserrian. Behiak jetzi, oiloei jana eman, ortuariak bildu eta, uda bada, belarretara joan. Bero edo hotz egin, euria edo elurra, urteko 365 egunetan dute lana baserrian. Eta berezko lan karga hori handiagoa da emakume baserritarren kasuan, familiaren zaintza —adinekoena zein haurrena— eta etxeko lanak ere haiei egokitzen zaizkielako gehienetan. Emakumeak beti izan du pisua baserrian; gizonen mundua balitz bezala irudikatu den arren, baserria ezin da ulertu emakumeek egindako lan eskergari erreparatu gabe. Halere, baserriaren inguruko erabaki juridikoetan, erabaki garrantzitsuetan, botere gutxi izan dute emakumeek, oro har.
Hain zuzen ere, lan hori aintzatetsi, ikusarazi, emakume baserritarrari behar duen babesa eskaini eta haiek ahalduntzeko xedez, iazko azaroan Emakume Nekazarien Estatuturako lege proiektua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Testuaren lanketan, Jaurlaritzak ez ezik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietako ordezkariak eta emakume baserritarren inguruan jarduten duten hainbat taldek parte hartu zuten; besteak beste, Landa XXI, Gure Soroa, Hitzez eta Arabako Emakume Nekazarien Sarea aritu ziren lanketan, baina baita Emakunde, nekazarien sindikatuak eta Eudel ere. Lege proiektua irailean dute onartzekoa Eusko Legebiltzarrean.
Eskubide berdintasuna
"Nekazaritzaren sektorean emakumeek jasaten duten bereizkeriari aurre egiteko beharragatik onartu da emakume nekazarien estatutua: batik bat, profesionaltzat jotzeko eta jendartean aintzat hartzeko eta beren eskubide profesional, sozial eta fiskalak egikaritzeko". Halaxe, esaldi horrekin abiatzen da, hitzez hitz, Emakume Nekazarien Estatutuaren proposamena. Legea onartzearen arrazoiak eta helburu nagusiak azaltzen ditu lehen atalean, eta guztira hogei orri ditu; Europako Batasunean aitzindaria izango da lehen estatutu hori, nahiz eta egon badauden gaiari buruzko hainbat aholku eta arau.
Lege proiektuaren lanketan buru-belarri aritu da Rosa Aramendi, Hitzez elkarteko presidentea. Duela zortzi bat urte sortu zuten Urola Kostako baserriko emakumeen elkarte hori, eta ordutik emakume baserritarren babesle, aholkulari eta sustatzaile lana egin du. "Gustura" dago Aramendi lege proiektuarekin, emakume baserritarrari "behar duen babesa" eskainiko diola uste baitu, "laguntza handia" izango dela haientzat. "Eta, agian, honi esker emakume gehiago animatuko dira baserrira". Izan ere, emakumeen baserriko lana honela laburbiltzen du Aramendik: "Obligazio eta betebehar asko, eta eskubide gutxi. Ea hori legearekin aldatzen den".
Aramendiren hitzetan, nekazaritza ustiategien titulartasunari buruzkoa da agian Emakume Baserritarren Estatutuak dakarren berrikuntza garrantzitsuenetako bat. Emakumeak baserrien titulartasuna eskuratzea eta ustiategien titulartasuna partekatua izatea arautzen du legeak, eta hori aurrerapauso handia izango da baserrian jarduten duten emakume askorentzat.
Izan ere, baserrian gizonak adina lan egin arren eta, baserriko lanaz gain, etxekoen zaintza eta etxearen martxa emakumearen bizkar erortzen diren arren, titulartasuna kasu gehienetan gizonena izaten da. Datuetan nabarmena da hori. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ustiategien %32 baino ez daude emakumeen izenean.
2011n egin zen urrats bat hori konpontzen hasteko. Nekazaritza ustiategien titulartasun partekatuari buruzko legea onartu zuen orduan Eusko Legebiltzarrak, eta emakumeak baserrian egiten duen lanaren onarpen juridiko eta ekonomikoan pauso garrantzitsua eman zuten. Irailean onartuko duten lege proiektuak hori eta gehiago arautzen du.
Kalean jaio eta baserrira ezkondutako emakume askorentzat da aurrerapausoa titulartasun partekatua. Zarautzen jaioa da Aramendi, eta, gurasoak baserrikoak izanik, gustuko izan du baserria betidanik. Baina ez da gauza bera baserrira noizbehinka joatea edo baserria bizileku eta lanbide izatea. Aiako Urdaneta auzoko baserri batera ezkondu zen Aramendi, eta orduan ezagutu zuen zer den benetan baserritarra izatea. Baserria eta kanpoko lana partekatzen ditu, gainera.
Senarraren baserrian kanpoko edo arrotz sentitzea maiz gertatu izan zaie emakume baserritarrei. Lana besteek bezala edo gehiago egiten dute, baina ustiategiaren inguruko erabakiak hartzeko orduan, kanpokotzat jotzen dituzte, eta erabaki garrantzitsuetatik at gelditzen dira. Titulartasun partekatuarekin, baserriaren titulartasuna duen gizonaren bikotekideak ere eskubidea izango luke baserriaren jabe egiteko, eta ustiategiaren inguruko erabakietan, arazoetan zein etekinetan bere partea izateko. Garrantzitsutzat du hori Aramendik. "Izan ere, gizonak bezalaxe lan egiten du emakumeak, eta, zenbait kasutan, baserria aurrera ateratzen ari dena ere bera da, senarrak kanpoan egiten duelako lana".
Titulartasunaren gaiaz gain, Gizarte Segurantzan kotizatzeko pausoak aurreikusten ditu lege proiektuak. Titulartasunarekin bezala, Gizarte Segurantzarekin ere gauza bera gertatzen da. Gizonek eta emakumeek berdin egin dute lan, baina gizonek kotizatzen dute, eta andreek ez —askotan baserriak ez duelako diru nahikoa ematen—. Hori aldatzeko eta emakumeak Nekazarien Gizarte Segurantzan afiliatzeko, laguntzak aurreikusten ditu lege proiektuak.
Halaber, baserriko lanetarako hartzen diren langileen kasuan, emakumeen kontratazioa sustatu nahi da, horretarako "laguntzak eta diru laguntzak erregulatuko dituen arau sistema bat finkatuz".
Aisialdia
Adinekoen zein umeen zaintza, aisialdirako orduak hartzeko arazoak, oporrak, amatasunagatik hartu beharreko egunak... Horiek denak zailtasun gehigarri bat dira emakume baserritarren kasuan. Horiek arautu asmo ditu legeak. Hala, aisialdirako orduak har ditzatela errazteko, lege proiektuak ordezkapenak aurreikusten ditu; eta bereziki aipatzen ditu menpeko pertsonak dituzten kasuak. Amatasun eta aitatasunagatik jarduera eten behar duten kasuetarako ere ordezkapen zerbitzuak arautzen ditu.
Horrez gain, nekazaritzaren sektorean "erantzukidetasuna bultzatuko duten baliabideen informazio, sentsibilizazio eta zabalkunde kanpainak" aurreikusten ditu lege proiektuak, "etxeko lanetan eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzan gizon nekazariek zereginak bere gain hartzea bultzatzeko". Aramendiren arabera, baserrian "oso markatuta" dago zein den emakumearen lana: "Emakumeak gizonari laguntzen dio ganaduarekin, ukuiluan, baratzean, eta hori bien ardura da; baina, horrez gain, andrearenak soilik diren lanak daude. Gutxitan ikusiko duzu gizon baserritar bat ontziak garbitzen, umeei fardelak aldatzen, umeen bila eskolara joaten... Kalean ohituago gaude halakoetara, baina baserrian oraindik oso markatuta dago hori emakumeen lana dela".
Hain zuzen ere, emakume baserritarrek berezko dituzten arazo horiek guztiak aintzat hartuta sortu zuten 2007an Hitzez elkartea. Zaintzaren inguruko ikastaro batean ikusi zuten emakume baserritarrak elkartuko zituen gune bateratu baten beharra. Elkarteko kide da Ana Eizagirre, eta bateragune horrek berarentzat duen garrantzia nabarmendu du. Izan ere, elkartean egiten dituzten bilera eta topaguneak ezinbesteko bihurtu zaizkio. "Ni askotan egon naiteke behea jota, negarrez. Baina bilera eta hitzaldien bidez ikusten duzu beste batzuk ere igaro direla hortik, eta batez ere ikusten duzu besteak nola eman zion buelta egoera horri. Lagungarria eta pozgarria egiten zaizu hori".
Elkarteak emakume horiei laguntza psikologiko handia ematen diela argi du, beraz, Eizagirrek, baina beste hainbat arlotan ere jarduten du. Hala, formakuntzari garrantzi handia ematen diote Hitzez-en, eta, arazoak sortzen direnean, aholkularitza juridikoa ere eskaintzen dute.
Askotan baserriak emakumea ustiategiaren mugen barruan atxikitzen duela dio Aramendik. Baserriko lanak direla, zaintza lanak direla, etxeko martxa dela... Bakardadea eta autoestimu falta ohikoak dira emakume nekazarien artean. "Guk beren buruarentzako tartea hartzeko gomendioa egiten diegu emakumeei, deskonekta daitezela baserriko lan eta loturetatik", azaldu du Aramendik. Eta ildo horretan ere lege berria lagungarri izango delakoan dago.
Baserriko emakumearen lana aintzatestea eta ikusaraztea. Horixe legeak jarritako beste erronketako bat. Marije Agirregomezkorta Haizez elkarteko presidenteordearentzat oso garrantzitsua da hori. Isileko lana, lan ikusezina egiten dute emakumeek baserrian, eta argi dauka isiltasun hori, ikusezintasun hori hautsi egin behar dela. "Andrea baserrian ez dago bakarrik erreprodukziorako, produkziorako ere badago, eta hori ez da ikusten. Jendeak jakin badaki, baina orain arte lan hori ez da aitortu, eta aitorpena behar du".