Basurtuko beilatokitik. 36 pertsona bota dituzte, sarekada batean

2011ko irailean beste 45 lagun bota zituzten; Bilduk «sarekada xenofoboak» egiteari uzteko eskatu du

Erredakzioa
Bilbo
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Beste sarekada bat egin dute Basurtuko beilatokian (Bilbo, Bizkaia), joan den urtean 45 etorkin kanporatu eta gero. Espainiako Poliziak, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egin dute sarekada, eta 36 pertsona bota dituzte beilatokitik; bertan bizi ziren 21 pertsona paperik gabe daudela zehaztu dute. Espainiako Poliziak identifikatzera eraman ditu dokumentaziorik gabekoak; gainontzekoek, euren gauzak hartu, eta eraikina utzi dute. Funespaña enpresarena da eraikina.

Bilboko Udala kritikatu du Bizkaiko SOS Arrazakeria elkarteak, etxebitzitzarik gabekoek dituzten arazoen aurrean Poliziarengana jotzeagatik. Espainiako Poliziaren jokabideaz ere kexu da elkartea. Dokumentaziorik ez duten pertsonen aurka kanporatzeko prozedura bat jarri du martxan Poliziak;Bizkaiko SOS Arrazakeriak salatu du horrek kanporatuen erregularizazio bideak «itxi» egingo dituela.

«Sarekada xenofoboak»

Bilboko Bilduk «elkartasuna» adierazi die Basurtuko beilatokiko sarekadaren harira atxilotu dituztenei. Era berean, «sarekada xenofoboak» bertan behera uzteko eskatu du, eta «herritar guztien eskubideak» bermatuko dituzten politikak martxan jarri behar direla adierazi du.

Ana Etxarte zinegotziaren aburuz, kanporatuak izan diren guztien «oinarrizko eskubide eta bermeak» urratu egin ditu Poliziak. Horrez gain, nabarmendu du etxebizitza sozialak ez edukitzeak «gero eta pertsona gehiago» bultzatzen dituela «edozein tokitan» aterpe bila sartzera.

Arazo horien aurrean, honakoa adierazi du Etxartek: «Benetako politika sozial bat ezarri behar da, herritar guztien eskubideak bermatuko dituena. Polizia ren sarekadak eta errepresioa ez dira irtenbide arazo horientzat, inolaz ere». Horrez gain, zinegotziak eskakizun bat egin die Bilboko alkate Iñaki Azkunari eta udal gobernuari; eskatu die Espainiako Atzerritarren Legea Bilbon ez ezartzeko, lege horrek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako eta «xenofoboa» delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.