Badoa aurrera Ipar Euskal Herrirako hirigune elkargo bakarraren bozketa. Basusarriren eta Zalgize-Donezteberen txanda izan da gaur arratsaldean, eta baiezkoak irabazi du bietan, espero bezala. Hala, elkargo bakarra indarrean sartzeko baldintzetako bat betetzeae da, hau da, elkargoaren alde dauden herriek biztanlego osoaren erdia baino gehiago ordezkatzeko 500 bat falta zaizkie. Datozen egunetan gaindituko dute langa, seguruenera: Jatsun bihar bozkatuko dute, eta datorren astean Kanbon. Azken biak kontatuta, elkargoari baietza eman dioten 63 herriek 148.720 biztanle ordezkatzen dituzte. Aldiz, aurka bozkatu duten herriek urrun dute kopurua, izan ere, oraingoz 74.521 herritar ordezkatzen dituzte.
Herritarrena, hala ere, bete beharreko baldintzetako bat da, baina ez bakarra. Izan ere, herrein erdien onespena ere behar du elkargoak, eta horretarako oraindik beste 17 udalerriren babesa eskuratu beharko luke. Beraz, oraindik bide luzea geratzen da.
Honakoak dira datozen egunetan bozkatuko duten herriak: Jatsu, asteazkenean; Kanbo maiatzaren 2an; eta Bokale, Milafranga, Bardoze eta Aiherra maiatzaren 3an.
Proiektua bultzatzen
Udalak dira elkargoa onartu edo ez erabakitzen dutenak, baina haren eragina herritarrenganaino helduko da. Hori dela eta, haren inguruko kezkak argitzeko lanean ari dira hainbat hautetsi. Joan den apirilaren 14an, esaterako, ekonomiaz, etxebizitzaz, enpleguaz, gazteez, zerbitzuez, emazteez eta hizkuntz politikaz mintzatu ziren, bertzeak bertze, 200 herritar inguru, Baionako Elkarteen Etxean egindako solasaldian.
Helep-aren aurka agertu direnek, berriz, bi argudio nagusi jarri dituzte mahai gainean: lehena "kostaldearen interesak bakarrik" defendatuko dituela; eta, bigarrena, zerga berriak ezarriko direla, herritarrei eta enpresei galerak eraginez. Bi arrazoibide horiek ukatu dituzte aldekoek, esanez, sistema berriari esker "moru orokor batean" pentstau ahalko dela lurralde osoaren ekonomian: "Zergak lurraldearen aukera ekonomikoen sostengua izanen dira".
Hala, naiezkoa nagusituko balitz, 232 kidek osatutako elkargo kontseilu batek gidatuko luke instituzioa, 69 kideko batzorde iraunkorrari esker gauzatuko lukete han erabakitakoa. Elkargo horrek izango lituzkeen eskumenen artean, berriz, lurralde antolaketa, garraioak eta mugikortasuna, ingurumena, kultura eta hizkuntz politika, ekonomia eta pertsonekiko zerbitzuak.