18/98 auzia

Batasun handia '18/98 auziko' "epai politikoa" salatzeko

EAJ, EA, Batasuna, EB, Aralar, AB, EHAK, EAE-ANV, Zutik, ELA, LAB eta CCOOko kideak bildu dira, besteak beste, gaur, Bilbon, prentsaurrekoan. "Epaia injustua eta politikoki bideratua" izan da 18/98+ taldearen ustez. "Edonor, zu zeu, jakin gabe ere, ETAkoa bihur zaitezke. Ez dago armak erabili beharrik ETAkoa izateko", salatu dute. Espainiako Auzitegi Nazionala desagertzeko eskatu dute.

2007ko abenduaren 20a
17:40
Entzun
Besteak beste, Xabier Arzalluz EAJko EBBko presidente ohia, Luke Uribetxeberria EAJko legebiltzarkidea (EAEn), Begoña Errazti EAko lehendakari ohia, Batasuneko Mikel Etxeburu zuzendaritzakidea, Oskar Matute EBko legebiltzakidea, Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea, Mertxe Colina ABko zuzendaritzakidea, Nekane Erauskin EHAK-ko legebiltzarkidea, Kepa Bereziartua EAE-ANVko presidentea, Joxe Iriarte Bikila Zutik-eko kidea, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren albokoa, Txutxi Ariznabarreta LABeko komunikazio arduraduna eta Jesus Uzkudun EAEko CCOOko Lan Osasun arduraduna bildu dira gaur goizean Bilbon, prentsaurrekoan, 18/98 auzia salatzeko.

Bertsolariak, idazleak, musikariak, irakasleak, kazetariak, Paul Rios Lokarriko koordinatzailea... ere elkartu dira, Carlton Hotelean, 18/98+ taldearen deialdian; aretoa bete egin da.

Auziko zigortu batzuk ere izan dira bertan. Haien artean, Jose Luis Elkoro -berak jaso du zigorrik handiena: 24 urteko kartzela zigorra-, eta, aretora sartu denean, txalo zaparradaz hartu dute.

Epaian "froga objektiborik ez" dagoela esan dute 18/98+ taldeko kideek, "deliturik ez" dutela egin zigortuek, "epaia injustua eta politikoki bideratua" dela, "oinarrizko giza eskubideak ezabatu dituen prozedura judiziala" izan dela.

"Sorgin ehizaren aurrean gaude", adierazi du haien izenean Maite Aristegik -Mariano Ferrerrek eta biek egin dute bozeramaile lana-. "Izan ere, zenbait aukeren alde politika egitea zeharo penalizatu egiten dute. Epaiketa politiko hutsa izan da hau, eta oso bide arriskutsua da hori. Edonor, zu zeu, jakin gabe ere, ETAkoa bihur zaitezke. Ez dago armak erabili beharrik ETAkoa izateko".

Espainiako Auzitegi Nazionala "ez dago epaitzeko", 18/98+ taldearen iritziz, "zigortzeko baizik. Mendekuan oinarritutako sistema penala ikusten da". Auzitegi Nazionala desagertzeko eskatu dute.

Epaiaren atzean zio politikoak daudela uste dute. "Hemen arazo politikoa dago azken batean, eta horri irtenbide politikoak bilatu behar zaizkio. Exijentzia maila igotzeko unea da". Hala, eragile politikoei eta sozialei lekukoa hartzeko eskatu die, "martxora arte zain egon gabe" [Espainiako hauteskundeak izango dira orduan. "Aniztasunarekiko errespetua daukan Euskal Herriaren alde lan egiteko eskatzen diegu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.