Politika

Batasuna ez da joango Bilboko manifestaziora, "iruzurra" delako

"Baztertzailea da eta alderdien interesei erantzuten diena. Iruzurra da. Rubalcabak eta Imazek Madrilen sukaldatutakoa", esan du arratsaldean Barrenak. "Bakeari eta elkarrizketari ez dio ekarpenik egiten”. LAB ere ez da joango.

2007ko urtarrilaren 12a
19:18
Entzun
Batasuna ez da bihar Bilbon egingo den manifestazioan izango. Hala jakinarazi du gaur arratsaldean Pernando Barrena Batasuneko mahaikideak, Donostian egin duen agerraldian. Manifestazio hori “definizioz baztertzailea da eta prozesuaren gainetik alderdien interesei erantzuten diena. Euskal gizarteari egin nahi zaion iruzurra da. Rubalcabak eta Imazek Madrilen sukaldatutakoa. Bakeari eta elkarrizketari ez dio ekarpenik egiten”.

Haren ustez, Bilboko manifestazioak orain "helburu bakarra" dauka: "Espainiako Gobernuak azkeneko hamar hilabeteetan mantendu duen jarrerari babesa ematea".

Batasunak prozesuaren aldeko jarrera duela esan du Barrenak, eta hor kokatu zutela Ibarretxek hasieran hautatu zuen leloa. "Orain aldatu egin du eta esan dezakegu bi mobilizazio desberdinez hitz egiten ari garela. Aurrena bakearen eta elkarrizketaren aldekoa zen. Bigarrena ez".

Atzo, joan egingo zela iragarri zuen Batasunak, Eusko Jaurlaritzak lehendabizi hautatutako leloarekin - Bakearen eta elkarrizketaren alde-, bat zetozela argudiatuta. “Bake prozesua bultzatzeko herritarren protagonismoa eta haiek parte hartzea beharrezkoa da, eta manifestazio hau hor kokatzen da”, esan zuen atzo Barrena mahaikideak, eta “Euskal Herri osoko herritarrei” dei egin zien Bilbora joateko, “prozesuari eta konponbide demokratikoari 'bai' esateko”.

Batasunak iragarpen hori egin ondoren, PSE-EEk ez zela joango jakinarazi zuen eta, egoera horretan, hasierako leloari ETAri indarkeriaren amaiera exijitzen diogu eranstea erabaki zuen Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak -berak deitu zuen manifestazioa, asteartean-.

Aldaketa hori ez zaio gustatu Batasunari eta ez da bihar Bilbora joango.

Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak esan du “hasiera-hasieratik” manifestazioaren asmoa “ETAri indarkeria uzteko exijitzea” izan dela. Ibarretxek, berriz, aitortu du “nahasmena” egon dela. “Ekarpen gutxi egiten ari gara politikariok, nahasmenaz eta gauzak konpontzen ez jakiteaz gain. Neure buruari ere hartzen diot kargu”, esan du gaur Ibarretxek.

LAB ere ez

LAB sindikatua ere ez da bihar Bilboko manifestazioan izango, ez zaiolako egokia iruditu lelo aldaketa. “Tamalgarria izan da Gasteizko Gobernuaren ikuskizuna” eta Ibarretxeren “ahultsuna” nabarmendu du, presioei jaramon egin dielako, hasierako leloari ETAri indarkeriaren amaiera exijitzen diogu erantsiz. “Ezker abertzalea ez beste denak nahi zituen Bilbon”, esan du LABek arratsaldean ateratako oharrean. Batasunaren gaurko agerraldia baino zerbait lehenago zabaldu du LABek bere agiria. Berak ere atzo, Ibarretxek leloa aldatu aurretik, esan zuen joango zela Bilbora bihar.

Sindikatuaren ustez, lelo berriak erakusten du “egoera politikoaren eta egoeraren erantzukizunen irakurketa unilaterala” egiten duela, "eta eskema hori PSOEri gustatu egiten zaio, baita EAJko zati bati ere".

ETAk 2006ko martxoaren 22tik su-eten iraunkorra eman zuenetik Ibarretxek manifestazioak antolatzeko aukerak izan dituela dio LABek, “eta ez du egin”. “Orain, berriz, presaka aritu da ezker abertzalearen kontra, bere aldetik presioa sartuz”.



Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak gaur goizean kritika gogorrak egin dizkio Donostian Ibarretxeri, “Espainiako Gobernuak, PSOEk, El Pais egunkariak eta Imazek nahi zuten leloa jarri duelako”. Horrela, "Estatuaren jarrerari eta indarkeriari babesa” ematen zaio, haren ustez.

“Ezker abertzaleak bakearen eta elkarrizketaren alde indarrak jarri dituenean, Ibarretxek atzera egin du”, esan du Diezek. “Bihar Bilbon ez da ezer hasten eta ez da ezer bukatzen. Gu ezin gara erori probokazioetan eta herri honetan ezin dugu tentsio handiagoa sortu”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.