Nahiz eta Espainiako Poliziak ezker abertzaleko hamar lagun atxilotu zituen atzo,"Batasuneko Mahai Nazional berriaren aurkako operazioan", gaur Batasunak azpimarratu du "ziklo politiko berria martxan" jarriko duela. Baionan eman du prentsaurrekoa, arratsaldean.
Ezker abertzaleak "ekimen politiko berria hartu nahi" duela azaldu dute Xabi Larralde eta Jean Claude Agerre Batasuneko Mahai Nnazionaleko kideek. "Gatazka armatua gaindituko lukeen eta burujabetzaren aldeko indarrak batuko lituzkeen iniziatiba eta zikloa bultzatu" nahi dutela berretsi dute.
Halaber, atzoko atxiloketek eta polizia operazioek ez dutela ezker abertzalearen "ildoa aldaraziko" adierazi dute Batasunako bi kideek, eta gogor salatu dituzte atzoko atxiloketak. Espainiako Estatuari edozein motako ekimenak "zapuzteko" helburua ikusi diote.
Espainiako Poliziak Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Miren Zabaleta, Mañel Serra eta Ainara Oiz atzeman zituen, eta hamarrak gaur goizean Madrilera eraman dituzte. Inkomunikatuta dauzkate, epailearen aurrera noiz eramango.
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen operazioa. Haren esanetan, Batasuneko Mahai Nazional berriaren aurkakoa izan da. Baliteke Garzonek etzi hartzea hamarrak.
LABen kontra ez, "oraingoz"
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroaren arabera, Otegi, Etxeberria, Diez, Jacinto eta Rodriguezen atxiloketak LABen egoitzan izateak ez du esan nahi "oraingoz" Fiskaltzak eta Espainiako Justiziak LABen kontra egingo dutenik. "Dakigun bakarra da Batasuneko Mahai Nazional berriak LABen egoitzan egiten zituela bilerak. Baina ez nuke beste ondoriorik aterako. Ez gaude horretan, oraingoz", esan du gaur Rubalcabak operazioari buruzko balorazioa egitean.
LAB sindikatuak prentsaurrekoa eman du, Donostian, "sarekada salatzeko" eta, "LABen aurkako erasoa izateaz gain, independentzia helburu duen bidean, urrats berriak ahalbidetu behar dituen estrategiaren kontrakoa erasoa" izan dela nabarmendu du.
"Ziklo politiko berria irekitzeko asmoa zapuztea du helburu atzoko eraso errepresiboak; hain zuzen ere, bide horretan ezker abertzaleak egin ditzakeen eta egingo dituen eskaintza politikoak indargabetzea", adierazi du LABek. "Mugarik, injerentziarik eta biolentziarik gabe aldaketa politikoa gauzatzeko aukera izan behar du Euskal Herriak".
Atzoko salatzeko bihar 12:00etan Gasteiz, Iruñea, Donostia eta Bilbon egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu du sindikatuak, baita etzi eskualdez eskualde lantokietan antolatuko dituen kontzentrazioetan ere.
atxiloketak
Batasuna: "Gatazka armatua gainditzeko eta indarrak batzeko ziklo politiko berria martxan jarriko dugu"
Ezker abertzaleak "iniziatiba politiko berria hartu nahi" duela azaldu dute gaur Xabi Larraldek eta Jean Claude Agerrek, Baionan eskainitako prentsaurrekoan. LABek "independentzia helburu duen bidean, urrats berriak ahalbidetu behar dituen estrategiaren kontrakoa erasoa" dela nabarmendu du, eta bihar mobilizazioak egingo ditu Gasteiz, Iruñea, Donostia eta Bilbon. Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Miren Zabaleta, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotuak gaur eraman dituzte Madrilera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu