politika

Batasuna legez kanpo uzteko Estrasburgoren erabakia Espainiaren neurrira egindakoa dela dio Arnaldo Otegik

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak legez kanporatzeak ontzat jo arren -"Estatuak bataila juridikoa irabazi du"-, ezker abertzaleak ildo politikoa ez duela aldatuko esan du Otegik. Atzo Estrasburgok HBren, Batasunaren, AuBren, 218 herri plataformen eta HZren auziak ebatzi zituen eta aho batez erabaki zuen bi alderdien eta hauteskunde plataformen legez kanporatzeak zilegi izan zirela.

2009ko uztailaren 1a
16:24
Entzun
Arnaldo Otegi ezker abertzalearen bozeramaileak adierazi du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak atzo Batasuna legez kanporatzea ontzat hartzeko erabakia Espainiako Gobernuaren neurrira egindakoa dela. "Berri txarra da", nabarmendu du.

Otegik esan du Estrasburgoko erabakia espero zutela, baina auzitegiaren argudioak beste batzuk izango zirela uste zutela. "Askatasunaren eskubidea urratu dute erabaki horrekin, eta hori oso larria da". "[Espainiako] Estatuak bataila juridikoa irabazi" duen arren, "ezker abertzaleak ez du ildo politikoa aldatuko". Haren ustez, ezker abertzalearen "apartheid politikoa" eta "milaka herritarren eskubideen aurkakoa" ere bada auzitegiaren ebazpena.

Horrez gain, auzitegiak epaiari buruz egiten duen irakurketa iraganeko parametroetan oinarritutakoa dela dio. "Jarraitu duen filosofia George Bush AEBetako presidente ohiak, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiarekin eta Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiarekin batera nazioarteko terrorismoaren aurka erabili zutenean oinarrituta dago".

Atzo Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Herri Batasunaren (HB), Batasunaren, AuBren, 218 herri plataformen eta Herritarren Zerrendaren (HZ) auziak ebatzi zituen eta aho batez erabaki zuen bi alderdien eta hauteskunde plataformen legez kanporatzeak zilegi izan zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.