Egoera demokratiko bat iristeko Espainiako eta Frantziako gobernuek "ezker abertzalea deusezteko mekanismoak" bertan behera utzi behar dituztela argudiatu du Permachek, eta, horietako bat Alderdien Legea dela zehaztu du. "Ezker abertzaleak ez du bere egungo egoera juridikoa aldatuko marko antidemokratiko batera itzultzeko". Marko horretan euskal herritarren borondatea ez dela errespetatzen iritzi dio Permachek.
Ostegunean bilera egin zuten PSEko eta Batasuneko buruzagiek, 25 urtean aurreneko aldiz, eta konponbide prozesuan aurrerapauso gisa hartu izan da. Hala ere, berriro biltzeko, eta alde askotako elkarrizketa mahaia abian jartzeko baldintza zehatza jarri zieten sozialistek Batasunari: legezko izaera lortzea.
Permachek gutxietsi egin du baldintza horren garrantzia, eta eskaera bete edo ez PSErekin bilerak egiten jarraituko dutelakoan dagoela adierazi du. "Alderdi guztiekin hitzegiten jarraitzeko ahalegina egingo du ezker abertzaleak, jendaurrean edo modu diskretuagoan. Hilabetea eta urteak egin ditugu PSErekin harreman informalak izaten, eta beraz ez du inork sinesten baldintza bete ezean berriro bilerarik izango ez denik".
Ares: "Ez diezaiotela esperantza faltsurik sortu beren jendeari"
Permachek adierzpen horiek egin eta lasterrera Rodolfo Ares PSEko bozeramaileak adierazi du Espainiako Gobernuak ez duela Alderdien Legea indargabetuko, eta Batasuneko buruzagiak hori jakin badakiela. "Permachi eta ezker abertzaleko gainerako buruzagiei esan nahi diet ez okertzeko eta esperantza faltsurik ez sortzeko beren jendeari, presidenteak [Rodriguez Zapateor] argi eta garbi esan duen bezala Alderdien Legea ez baitute indargabetuko".
Batasuna legeztatzea lortzeko "demokraziak ez dituela exijentziak murriztuko" erantsi du.
Konponbide prozesua
Batasuna legeztatzeko Alderdien Legea indargabetu behar dela esan du Permachek; halakorik ez dutela egingo erantzun dio PSEk
Legeztatzea barik alde askotako elkarrizketa mahaia eratzea dela Batasunaren lehentasuna agertu du Joseba Permach indar politiko horretako buruzagiak. Hala ere, konponbide prozesuak aurrera egin eta helmugara iristeko Batasunak osterantzeko alderdien izaera eta eskubide berak izatea ezinbestekoa dela azpimarratu du; hau da, ilegaliazioa gainditzea. Horretarako bide bakarra Espainiako Alderdien Legea bertan behera uztea dela nabarmendu du. PSEko bozeramaile Roldofo Aresek berehala erantzun dio ez dela halakorik gertatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu