Batasunak «baikorki» hartu du 'Bil gaiten'-en deia

Ezkerreko abertzaletasunari buruz gogoeta sakon bat abiatu behar dela uste du Batasunak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Batasunak «baikorki» hartu du Bil gaiten manifestuaren mezua. Joan den ostiralean, berrogei bat hautetsik plazaratu zuten indarren batzearen aldeko mezua, proiektu ezkertiar eta abertzalea aitzinera eramateko xedez. Batasunak egiaztapen bera egiten duela esan, eta bide horretan «urrats sakonak eta sendoak»egin beharra azpimarratu zuen atzo Xabi Larraldek, Batasuneko bozeramaileak. Zentro-eskuinari «alternatiba eraikitzeko ardatz» gisa ikusten dute ezkerreko abertzaletasuna, eta geroari begira eraman beharreko gogoetak azaldu zituzten Larralde eta Jean-François Lefort Batasuneko ordezkariek, atzo Baionan egin prentsaurrekoan.

Estrategiari dagokionez, «gogoeta sakon bat» abiarazi beharra dagoela adierazi zuen Lefortek, etahausnarketa hainbat gairen inguruan egin behar dela.Besteak beste,abertzaletasunaren jarduera argitu behar dela uste dute, eta krisi garaia dela-eta ikuspegi sozial eta ezkertiarra azpimarratzeakduen garrantzia nabarmendu zuten.

«Bake prozesu demokratikoaren» eta «nazio eraikuntzaren bultzadari eta aldarrikapen instituzionalaren kudeaketari» dagokionez, «ahots berberez eta norabide berean eta bakarrean» eragin behar dela azaldu zuten. Hots, indarren batzea hauteskunde garaietarik «haratago» doala erran zuen Larraldek.

Hala eta guztiz ere, bozketen garaia hurbiltzen ari denez, EH Bai koalizioaren garrantzia azpimarratu zuten, datorren urtean Legebiltzarreko hauteskunde eginen direla eta. Adierazi zuten hautagaitza hori tresna egokia dela gizartean «argiki defenditzeko» proiektu abertzale eta ezkertiarra.

Senaturako, «barreiaturik»

Irailean Senaturako hauteskundeakiraganen dira, eta haiei begira ere plazaratu zuten beren analiasia. Hauteskunde horiek ez direla demokratikoak azpimarratu zuten, eta hautagaitza anitz izatea ez dela «seinale ona» ohartarazi zuten.

Abertzaleei dagokienez, jakinez Gabi Mouesca aurkeztuko dela eta seguru aski «prentsak dionaren arabera» ABk zerbait lotua duela Berdeekin, Batasunak ez du begi onez ikusten bi hautagaitza «molde barreiatuan» abiatzea. Bil gaiten-en mezuarekin bat ez datorrela salatu zuen Lefortek. Erran zuenez, «gutxienez» EH Bai koalizioa osatzen duten alderdi abertzaleen artean hizketaldia bat behar zen.

«Abertzale eremutik kanpo aliantzen bila joan aitzin, abertzaleen artean gauzen adostea da lehentasuna», Lefortek adierazi zuenez. ABren hautua kritikatu zuten, eta galdetu Berdeekin adostea ez ote den legebiltzarretarako Berdeekin eta sozialistekin akordio baten bila joatea. Martxan den bake prozesua kontuan harturik, ohartarazi zuten abertzaleen arteko indar bilketak duela «lehentasuna».

Indarren biltzearen beharra berretsi zuen Larraldek. «Abertzaleek ordezkatzen duten potentzial politikoa finkatu beharra da Ipar Euskal Herrian ere», gehitu zuen. «Molde ausart batean eta erantzukizunez» jokatzeko ordua dela zehazturik, horretara joateko «gogo osoa» dutela jakinarazi zuten Lefortek eta Larraldek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.