EAE-ko hauteskundeak

Batasunak bertan behera utzi du biharko manifestazioa

"Eskubide zibil eta politikoen alde" bihar Bilbon egitekoa zuen manifestazioa bertan behera uztea erabaki du Batasunak. Izan ere, EAEko Hauteskunde Batzordeak galarazi egin du ekitaldi hori, eta, gainera, Jaurlaritzako hirukoak eta Herrizaingo Sailak manifestazioa indarrez eragozteko asmoa dutela uste du Batasunak. Ondorioz, "militantzia sarraskiara ez bidaltzeko", "konfrontazio estrategian ez erortzeko", eta "bakerako proposamen bat dutela adierazteko", deialdia bertan behera uztea erabaki dute.

2005eko apirilaren 8a
19:28
Entzun
Arnaldo Otegi Batasunek mahaikideak eman du manifestazioa ez egiteko erabakiaren berri. Azaldu duenez, gatazka konponteko proposamen bat du une honetan Batasunak, eta horri eman nahi diote lehentasuna une honetan. Halaber, beste eragile batzuk, konfrontazioa eta liskarra baliatuz, mezu hori estali eta Batasunaren irudia zapuztu nahi dutela adierazi du.

Otegik esan du "nahikoa datu eta informazio" dauzkatela ziurtatzeko Jaurlaritzako hirukoak eta Javier Balza Herrizaingo sailburuak 2002ko irailaren 14ko manifestazio istilutsuko gertakariak errepikatu nahi dituztela bihar Bilbon. "Sarraskiatzat" jo du orduan gertatutakoa —legez kanpokoa zela-eta, Batasunaren ilegalizazioaren aurka kalean ziren milaka lagunen aurka oldartu zen Ertzaintza—, eta beren militantzia ez dutela "sarraskiara bidaliko", nabarmendu du Otegik.

Era berean, besteek ezarritako konfrontazio estrategian erortzea beren mezua desitxuratzea litzatekeela dio. Ildo horretatik, probokazioetan ez erortzeko deia egin die Otegik Batasunaren jarraitzaileei,egungoa "une historikoa" dela azpimarratuta. Halaber, goizean bezala, EHAKren aldeko boza emateko deia egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.