Bakea eta elkarrizketaren alde “egokia” iruditzen zaiola esan du eguerdian Batasunak, Pernando Barrenaren ahotik, eta "herritar bezala" hartuko dutela parte. “Bake prozesua bultzatzeko herritarren protagonismoa eta haiek parte hartzea beharrezkoa da, eta manifestazio hau hor kokatzen da”, esan du Batasunak. "Euskal Herri osoko herritarrei" dei egin die etzi Bilbora joateko, "prozesuari eta konponbide demokratikoari 'bai' esateko".
Batasuna Bilboko manifestaziora joango da. Beraz, PSE-EE ez, leloan ETAren kontra egiten ez bada. Horixe esan du gaur arratsaldean Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiak, Bilbon. Horrekin batera, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu dio orain deituta dagoen manifestazioa bertan behera uzteko, "gaizki planteatutakoa izan delako", eta beste bat antolatzeko, baina aurretik “alderdi demokratiko denekin bilduta, leloa-eta aukeratzeko, azken batean indarkeria baztertzen ez duen inor ez egoteko manifestazioan”.
Orain deituta dagoen manifestazioa bertan behera uzteko eskatu du eta beste bat antolatzeko, baina aurretik “alderdi demokratiko denak bilduta, leloa-eta aukeratzeko”. Beste goiburu bat nahi dute sozialistek, ETAren kontra egiten duena ere jasoz. Ibarretxek 20:00etan agerraldia egingo du Lehendakaritzan.
Lopezen arabera, Jaurlaritzaren manifestazioko Bakearen eta elkarrizketaren alde leloa “frogatu da anbiguoa” dela eta manifestazio hori “unilateralki” antolatu izana kritikatu du, "eta orain erabaki behar du demokraten ondoan joan nahi duen edo indarkeria babesten dutenen ondoan. Gu ez gara manifestazioan izango ETAren bozeramaile izaten segitzen dutenekin".
Larunbatean Bilbon ez badaude, Madrilgo manifestaziora joango direla esan du PSE-EEk. Hain zuzen, Bakearen alde, terrorismoaren kontra da Madrilgoaren goiburua.
PSE-EEk igandean iragarri zuen Bilboko manifestazioan egongo dela, nahiz eta leloarekin ados ez egon, baina Lopezek atzo baldintza zehatza jarri zuen bertan izateko: Batasunak ez parte hartzea. Batasunak eguerdian esan du badoala eta PSE-EEk arratsaldean ezetz.
Jaurlaritzako kontseilu politikoak -Ibarretxek, Joseba Azkarraga Justizia sailburuak eta Javier Madrazo Etxebizitzakoak- herenegun egin zuen manifestazioaren deialdi ofiziala. 1
Manifestaziora joango direla esana dute, Batasunak ez ezik, EAJ, EA, EB-Berdeak eta Aralar alderdiek, eta ELA, STEE-EILAS eta EAEko CCOO eta UGT sindikatuek. LAB ere joango da, gaur arratsaldean agiri baten bidez jakinarazi duenez, "horrelako une zail batean garrantzitsua delako aniztasun ideologiko, politiko eta sindikaletik elkarrizketaren, negoziazioaren, bakearen eta demokraziaren alde lan egitea". PP ez da joango Bilbora, bere ustez manifestazioaren leloak Ibarretxek “ETA-Batsunarekin elkarrizketa” babesten duela erakusten duelako.
PP Madrilgo manifestaziora ere ez; Ermuko Foroa ere ez azkenean
Madrilen ere egingo dute larunbatean manifestazioa, Madrilgo UGTk eta CCOOk eta Espainian bizi diren ekuadortarren elkarteek antolatuta –Barajasen hildako biak Ekuadorrekoak ziren-. Bakearen alde, terrorismoaren kontra izango da leloa.
PSOE bertan izango da. PP ez. Mariano Raxoi PPko lehendakariak esan du “zatiketa” sortzen duela manifestazio horrek eta antolatzaileek ez dutela adostasunik bilatu. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak esan du ez dakitela Gobernuko kideak joango diren-ez.
AVT elkarteak ez joatea erabaki du, ez dagoelako ados leloarekin eta ekitaldi “alderdikoia” delako, “hiltzaileekin negoziazioa babesten dutenen aldekoa”. Ermuko Foroak esan zuen joango zela baina azkenean iritzia aldatu du.
Batasunak Bilboko manifestaziora joango dela esan ostean, leloa aldatu du Ibarretxek
Larunbaterako Bilbon deitutako manifestazioaren leloa aldatu du Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak, Batasunak eguerdian joateko asmoa duela jakinarazi ostean. "Bakearen eta elkarrizketaren alde" hasierako leloari "ETAri indarkeria uzteko exijitzen diogu" gehitu diote deitzaileek. 17:00etan hasiko da manifestazioa. Lehendakaritzako iturriek atzo esan zutenez, manifestazioko pankarta ez dute politikariek eramango, baizik eta herritarrek, eta bukaeran ez da agiririk irakurriko; “eskerrak besterik ez” dituzte emango. Jesusen Bihotzean hasiko da manifestazioa eta, Kale Nagusitik joan ondoren, udaletxe aurrean amaituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu