Pernando Barrena eta Eusebio Lasa Batasunaren zuzendaritzakideek salatu egin dute Marije Fullaondo alderdikidearen atxiloketa, eta Espainiako Estatuak "errepresioaren bidearekin" segitzen duela iritzi diote, "EAJren laguntzarekin". "Hala ere, ez dute lortuko gure helburuak atzera botatzerik. Izan ere, ezker abertzaleak 200.000 lagunetik gora ditu bere proiektua aurrera eramateko eta gizartean zabaltzeko", esan du Lasak.
Lehengo astean jakin zen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak tramitera onartu duela legez kanporatzeen kontra Batasunak jarritako eskaera, eta Fullaondo 2004ko Europako hauteskundeetan Herritarren Zerrendaren (HZ) hautagaiburua izan zela gogoratu dute gaur Barrenak eta Lasak. Espainiak baliogabetu egin zuen HZ. Hori dela-eta ere, "larria" deritzote Fullaondoren atxiloketa.
Hain zuzen, atzo atzeman zuen Espainiako Poliziak, Errigoitin (Bizkaia), Batasuna auziarekin lotuta. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaileak agindu zuen atxiloketa. Inkomunikatuta daukate Fullaondo, eta Garzonek etzi hartuko du auzitegian, Madrilen.
Gaur bertan, Barrenak eta Lasak prentsaurrekoa eman duten Donostiako hotelaren inguruan poliziak ibili dira.
Politika
Batasunak dio Espainiako Estatuak ez duela lortuko bere proiektua atzera botatzerik
Pernando Barrenak eta Eusebio Lasak salatu egin dute Marije Fullaondoren atxiloketa. "Ezker abertzaleak 200.000 lagunetik gora ditu bere proiektua aurrera eramateko eta gizartean zabaltzeko", esan dute. Baltasar Garzonek etzi hartuko du Fullaondo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu