Politikarien solasaldia

Batasunak egindako elkarrizketa eskaintzari ez zaiola aurrebaldintzarik jarri behar uste du EAko Martin Aranburuk, eta EAJk ez duela "kanpoko zaintzarik" onartuko esan du Markel Olanok

Batasunak joan den larunbaten Iruñeko Anaitasuna aretoan egin zuen elkarrizketa eskaintza hizpide izan dute Euskadi Irratiko ostiraleroko politikarien solasaldian. EAko ordezkari Martin Aranburuk esan du elkarrizketa prozesu bat abiatzeko ez dela aurrebaldintzarik jarri behar; EAJko Markel Olanok, berriz, "politikoki aurrera egiteko" elkarrizketa ezinbestekoa dela adierazi du, baina, era berean, elkarrizketa horretan ez dutela "kanpoko zaintzarik" onartuko nabarmendu du, zeharka ETAren aipamena eginez. Ezker abertzaleko buruzagitzako Pernando Barrenak, ostera, EAJk eta EAk abertzaleen arteko elkarrizketa gogoari buruz zalantzak dituela esan du.

2003ko azaroaren 7a
13:43
Entzun
Euskal Herriko gatazka gainditu nahi duten guztiei "elkarrizketarako eskaintza" egin zien joan den larunbatean Batasunak Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Jarrera hori bera berretsi zuen atzo Arnaldo Otegi buruzagiak. Eskaintza horren haritik, elkarrizketa beharrezko dela adierazi du EAko Martin Aranburuk, eta, gainera, harreman horiei ez zaiela aurrebaldintzarik jarri behar. Dena den, elkarrizketan aurrera egin ahala, eta benetako konponbidea bilatzekotan, "elkarrizketa errazteko baldintzak" bilatu behar direla azpimarratu du Aranburuk. Hain zuzen ere, hartu-eman horiek Euskal Herriko gatazka konponduko badute, sektore politiko guztien ordezkaritzak parte hartu behar duela elkarrizketetan adierazi du EAko kideak, eta sektore horietako batzuk ETAren mehatxua dutenez, harremanak bideragarri izan daitezen mehatxu hori amaitzea ezinbesteko dela azpimarratu du.

Ezker abertzaleko buruzagi Pernando Barrena bat etorri da Aranburuk plazaratutako iritzi horrekin.

EAJko Markel Olanok ere elkarrizketaren beharra nabarmendu du. Hain justu, Euskal Herriak politikoki aurrera egiteko elkarrizketa ezinbestekoa dela iritzio dio Olanok, "hori oso garbi geratu da Lizarrako garaietatik", esan du. Dena den, elkarrizketa horren baitan bi plano bereizi behar direla uste du: "Batetik, indarkeriaren arazoa hor dagoenez, egoera hori konpontzeko alderdi politiko guztien arteko elkarrizketa behar da. Bestetik, abertzaleek beste marko politiko batean sinesten dugu; beste eraketa batean. Herri eraikuntzan aurrera egiteko abertzaleen arteko elkarrizketa behar da, eraikuntza horren nondik norakoen inguruko gutxieneko batzuk hitzartzeko", agertu du. Otegiren egunotako adierazpenak "argigarriak" direla erantsi dusegidan EAJko kideak, eta haren "enbidoa onartu eta ordagoa botatzeko prest" dagoela gaineratu du.

Nolanahi ere, EAko Aranbururekin bat etorri da Olano baldintza batzuk behar direla esanez. Hain zuzen ere, EAJk ez duela "kanpoko zaintzarik" onartuko azpimarratu du, zeharka bada ere ETAren aipamena eginez. "Elkarrizketari ekiteko ez dut eskatuko ETA mapatik desagertzea, baina haren zaintzarik, Damoklesen ezpatarik, ez dut onartuko. Ordezkari politikoen artekoa behar baitu izan elkarrizketak".

Barrenak, berriz, eurek egindako eskaintzari esparru abertzaletik eman zaizkon erantzunak "baikor" hartu dituela esan du; zehazki, "baikor eta zilegiak" direla jaso diren erantzunak. Zalantza bat ere plazaratu du, ordea: "Abertzaleen arteko hitzarmen bat egiteko ETAren aitzakia jartzen da beti. Baina badut zalantza bat beti: hots, ETAk su-etena emango balu EAJk eta EAk elkarrizketari helduko lioketeen. Iruditzan zait benetan EAJk eta EAk borondate hori balute ahalegin handiagoa egingo luketeela, eta, oraingoz, ez dut ikusten", adierazi du.

Ibarretxen Planaren haritik, ostera, PSE-EEko Ramon Etxezarretak auzitan jarri du marko politikoari buruz eztabaidatzeko baldintzarik ote dagoenetz. Etxezarretaren iduriko, Gernikako Estatutuaren inguruko eztabaida aurrera eraman zenean, indarkeria puri-purian egonagatik, euskal gizartean eta sektore politiko ia guztietan marko politiko berri bat eratzeko premia ikusten zen; gaur egun, ordea, ez du uste halakorik gertatzen denik, eta horregatik uste du ez dagoela elkarrizketarako baldintzarik. EAko Martin Aranburuk erantzun dio sozialisten jarrera izan dela garai hartatik hona gehien aldatu dena.

Espainiako Armadaren "indar erakustaldia"

Azken egunotan Espainiako Armadak Euskal Herriko hainbat lekutan egin dituzten maniobra militarrak, berriz, "indar erakustaldia" izan direla iruditu zaie guztiei, eta Ibarretxeren Planak arlo politikoan sortu duen zurrunbiloarekin harremana duela iruditzen zaie. "Gauzak beldurrikk gabe esan behar dira. Operazio prebentiboen aroan gaude orain, eta, alde horretatik, euskal gizartearentat ohar batdira maniobrak: 'Jakin ezazue hemen dagoela gure Armada, eta kontuz ibili' esan nahi balute bezala. Alajaina, despliege prebentibo bat da, Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren haritik aurrera daramaten estrategiak hutseginez gero, inbasio prebentibo bat egiteko inolako konplexurik ez dutela adierazteko", agertu du EB-IUko Mikel Aranak.

PSE-EEko Ramon Etxezarretak ere "indarraren bistaratze" bat izan dela uste du, "paumaren lurma harrotze moduko bat". Ildo horretatik, maniobra horiek une honetako kointura politikoan egitea ez dela kasualitatea erantsi du.

EAko Martin Aranburu eta ezker abertzaleko Pernando Barrena, funtsean, bat etorri dira EB-IUko Mikel Aranak emandako iritziarekin.

EAJko Markel Olanok, berriz, indar erakustaldi horietan Espainiako Gobernua neurria galtzen ari dela adierazi du, eta, azkenean, eurek nahi dutenaren kontrako erreakzioa sortzen ari direla. "Armadaren maniobra horiekin lortzen dutena da, azkenean, jendea oldatzea eta ideiak argiaraztea. Espainiako Estatua hanka sartzen ari da, ez da ari politika inteligentea egiten", bota du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.