«Batasunak ETA indarkeriaren amaierara eramatea albiste ona litzateke». Hala esan du Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentetzako ministro berriak, ETB2n egin dioten elkarrizketan. Hala ere, zuhurtzia eskatu du, «historiak kontrakoa» erakutsi duelako. Jauregik adierazi du «historian lehen aldiz» ezker abertzalea ohartu dela ETAren indarkeriak bere helburuak «kutsatzen» dituela, baina gobernuak ez dakiela ezker abertzaleak ETA indarkeriaren amaierara bultzatuko duen ala ez.
Areago, indarkeriaren amaierari datarik ezin diola jarri esan du Jauregik, eta argitu du gobernua ez dagoela gai horrekin «tematuta»: «Amaiera iritsi iritsiko da, iritsi behar duenean». Bitartean, ezker abertzaleak politikan parte hartu nahi badu, bi aukera baino ez dituela berretsi du: ETA desagertzea edo ETAren indarkeria gaitzestea. Hori egiten ez badu, hauteskundeetan egoteko aukerarik ez du izango ezker abertzaleak, haren esanetan.
Eduardo Madina PSOEren Espainiako Kongresuko idazkari nagusiaren ustetan, berriz, ona litzateke ezker abertzaleak berriz ere politika egitea eta erakundeetan egotea: «Gauzak ondo ateratzen bazaizkio Batasunari, litekeena da mundu hori atzera ere politika egiten aritzea». PSOEko diputatuaren iritziz, ETA konturatu behar da indarkeriak zentzurik ez duela eta ezker abertzaleak politika egiteko duen nahiak «aukera bat» merezi duela. Egungo egoera politikoa ikusita, erakunde armatuaren bukaera «sekula baino gertuago» dagoela uste du Madinak.
Bake aukeraz baikor
Joseba Egibar EAJko GBBko presidentea itxaropentsu agertu da bake aukeraren inguruan. «Epe laburrean» bake prozesu bat hasteko baldintzak eman daitezkeela eta Espainiako Gobernuak aukera baliatu eta «ekarpena» egin beharko lukeela iritzi dio. Egibarren irudiko, datozen hilabeteetan bakea lortzeko baldintzak «sortu» eta «eratu» daitezke, baina horiek ez badira aprobetxatzen, aukera politikoa «galtzeko» arriskua dago. Hala, une honetan hartzen diren erabakiak «garrantzi» handikoak izango direla ohartarazi du Egibarrek.
Oso bestelako irakurketa egin du EAEko PPko idazkari nagusi Iñaki Oiarzabalek. «Batasun demokratikoari» eta «tinkotasunari» eustea da ETA eta Batasuna ahultzeko bide egokiena. Oiartzabalen ustez, ezker abertzalean ez dago inolako mugimendurik, etaETA amaitu nahi bada, ezin dira «iraganeko akatsak» errepikatu.
Ildo horretatik, Maria Dolores del Cospedal PPko idazkari nagusiak ohartarazi du PP adi egongo dela datozen hauteskundeetan Batasuna zerrendetan sar ez dadin.
«Batasunak ETA amaierara eramatea» nahi luke Jauregik
Egibarrek ohartarazi du aukera politikoa gal daitekeela bakerako baldintzak baliatzen ez badira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu