PSOE-PSE-EE bilera

Batasunak "indarkeria gaitzetsi ezean" ez direla haiekin bilduko berretsi dute PSOEk eta PSE-EEk

PSE-EEko eta PSOEko zuzendaritzek ohartarazi dutenez, ez dira Batasunarekin bildu. Bilera egin dute alderdiaren egoitza nagusian, Madrilen (Espainia), eta gero, Espainiako Kongresuan PSOEko bozeramaile den Alfredo Perez Rubalcabak eta PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek berretsi dute, beraiek ez direla Batasunarekin bilduko haiek "indarkeria gaitzetsi ezean". Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxeri "bazterrak nahasten" aritzea leporatu diote.

2005eko uztailaren 5a
18:00
Entzun
12:00etan hasi den bilera "ohikoa" dela esan du PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopezek. Izan ere, PSOEko zuzendaritza eta PSE-EEkoa bilduta daude, Madrilen, PSOEren egoitza nagusian. Lopezek esan duenez, EAEko hauteskundeen ostean bi zuzendaritzen iritziak uztartzeko koordinazio bilera da gaurkoa. PSE-EEko zuzendaritzak eta PSOEkoak prentsaurrekoa eman dute bilera bukatutakoan, hitz egindakoen berri emateko.

EAEko legebiltzarreko hauteskundeen inguruan irakurketa bera egiten dutela jakinarazi dute, alegia, legegintzaldi hau elkarrizketaren legegintzaldia izan behar dela uste dutela. Gainera, "euskaldunen zati bat baztertzen duten planak" alboratu egin behar direla iritzi diote. "Bakegintza eta Euskadin elkarbizitza bultzatzen duten" politikak bultzatzeko prest daudela azpimarratu du Lopezek.

Rubalcabak, berriz, "Euskadin hiru ardatz nagusi" daudela azaldu du: bakea, Estatutuaren erreforma, eta herritarren eguneroko arazoak. Bakegintza Espainiako Gobernuari dagokiola azaldu du, eta Estatutuaren erreforma EAEko alderdi eta instituzioei.

Bilerara sartu aurretik PSE-EEren Idazkari nagusi Patxi Lopezek esan duenez, beraien eta Batasunaren arteko ustezko elkarrizketaren polemika bukatu da, "bi aldeek ukatu baitute hizketan ari direla". Horregatik, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxeri eskatu dio "liskar" gehiago ez sortzeko. Izan ere, Ibarretxek dio PSOE eta Batasuna hizketan ari direla, hori ondo iruditzen zaiola, eta normaltasunez egin behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.