Bake prozesua

Batasunak su-eteneko konpromisoak mantentzeko eskatu dio ETAri

Arnaldo Otegi bozeramaileak erakundeari eskatu dio martxoaren 22ko idatziko "konpromisoak eta helburuak" mantentzeko. Espainiako Gobernuari ere dei egin dio, "baldintzak demokratikoak bermatzeko". Eragile politikoek "eskaera hauek modu eraikitzailean erantzutea nahi eta espero dugu".

2007ko urtarrilaren 8a
21:00
Entzun
Batasunak, Arnaldo Otegi bozeramailearen bidez, bi eskaera egin digu orain gutxi Donostian emandako prentsaurrekoan. "Batetik, Espainiako Gobernuari, Euskal Herrian konponbide politikorako prozesu bat behin betiko martxan jartzea erraztuko duten baldintza demokratikoak bermatu ditzan. Bigarrenik, ETA erakundeari, 2006ko martxoaren 22ko komunikatuan zehaztutako konpromisoak eta helburuak mantendu ditzan".

Batasunaren negoziazio taldeko kide Rufi Etxeberriarekin eta Arantza Santestebanekin azaldu da Otegi, eta idatzi bat leitu du, galderak onartu gabe gero. "Prozesu demokratiko honetako eragile politikoek eskaera hauek modu eraikitzailean erantzutea nahi eta espero dugu, egoera hau bideratzeko lehen harria jartzeko".

Otegik esan du Batasunak eutsi egiten diotela Anoetako proposamenari "dudarik gabe". "Konponbide politikorako elkarrizketa inolako indarkeriarik gabe egin behar da".

Bozeramaileak esan du alderdi politikoekin bilerak egin dituztela azkenaldian, "eta denek ulertzen dute ezker abertzaleak erantzukizun berezia duela egoera hau bideratzeko, prozesu honetan beharrezko mintzaide garelako" eta erantzukizun hori "hartu" duela Batasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.