Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak gaur arratsaldean esan du euren eskariari “modu eraikitzailean” erantzun ziola atzo ETAk, su-eten iraunkorra mantenduz. Hain zuzen, Batasunak astelehenean “ETA erakundeari, 2006ko martxoaren 22ko komunikatuan zehaztutako konpromisoak eta helburuak mantendu ditzan" eskatu zion. ETAk atzo ateratako agiriarekin, erakundea armatuak prozesua egin nahi duela uste du Otegik. "Ulertzen" du "eragile denek zailtasunak" izatea, "baina datu objetiboa da ETAk eutsi egin diola su-etenari eta aukera historikoari ate bat irekita uzten diola, berriz ere. Gure ardura, lan horri ekitea da".
Espainiako Gobernuari ere egin zion eskaririk Batasunak astelehenean: “Espainiako Gobernuari, Euskal Herrian konponbide politikorako prozesu bat behin betiko martxan jartzea erraztuko duten baldintza demokratikoak bermatu ditzan”. Otegik gaur esan du Gobernuak ez duela erantzun, eta Euskal Herriko eragileek erabakitzen dutena errespetatuko duela adieraztea eta prozesuan injerentzirik ez duela egingo esatea eskatu dio, jakin nahi dutela Batasunak beste alderdien adina eskubide izango dituen.
Otegiren ustez, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea "une zaila" ari da pasatzen atentatuaren ondotik, baina esan du Batasunak ere pasatu dituela halakoak martxotik, ETAk su-eten iraunkorra eman zuenetik. "Urtebetera askoz hobeto egon gaitezke, denok konprometitzen bagara prozesua oinarri sendoekin egitera. Konbentzituta nago ez bakarrik hori posible dela, baizik eta horrek ez duela alternatibarik".
Batasunak, Euskal Herrian eta Espainian bizi diren ekuadortarren elkarteei gutuna bidali die -Barajasen hildako biak Ekuadorrekoak ziren-, “benetako samina” adieraziz eta halakorik berriro ez gertatzeko ahaleginak egingo dituela esanez. “Biktimarik eragingo ez dituen prozesu politikoa ixten saiatuko gara”, dio Batasunak gutunean. Ekuadortarren elkarteek eskutitza “ondo eta errespetuz” hartu dutela esan du Batasunak.
LAB: "Bakea posible da indarkeriarik gabe eta baldintza demokratikoekin"
Rafa Diez LAB sindikatuko idazkari nagusiaren ustez, bakea lortzeko "egundoko aukera politikoa" dago, "eta bakea posible da indarkeriarik gabe eta baldintza demokratikoekin". Parte bakoitzak bere ardura hartu behar duela esan du Diezek, "bakea eta behin betiko konpobide politikoa lortzeko prozesua benetan sendotzeko". Hori dena posible izateaz gain, "beharrezkoa da, eta euskal gizartearen gehiengoaren nahiari erantzuten dio".
Politika
Batasunak uste du bere eskariari “modu eraikitzailean” erantzun diola ETAk
Espainiako Gobernuak ez duela erantzun dio Otegik. Haren ustez, Zapatero "une zaila" ari da pasatzen atentatuaren ondotik, baina prozesua oinarri sendoekin egiteko denak konprometitzen badira, "urtebetera askoz hobeto egon gaitezke".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu