Legez kanporatzeak

Batasunarekin "harremana" izateagatik utzi ditu Gorenak legez kanpo ANV eta EHAK

Auzitegiak azkeneko orduetan eman du bi sententzien berri, ilegalizazioen berri lehengo astean eman ostean. Haren arabera, ANV Batasunarekin iazko hauteskundeen ondotik "modu koordinatuan" aritu da eta EHAK-k laguntza ekonomikoa eta logistikoa eman dio. ETAren atentatuak ez salatzea ere arrazoi gisa erabili dute magistratuek. Sententziak ez dakar ezer zehatzik EHAKren Eusko Legebiltzarreko taldeaz.

2008ko irailaren 23a
13:27
Entzun
Hurrenez hurren asteartean eta ostegunean jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV eta EHAK alderdi politikoak legez kanpo utzi dituela, baina bi auziei buruzko sententziak azkeneko orduetan plazaratu ditu -ANVkoa atzo gauean eta EHAK-koa gaur eguerdian-, eta Gorenak dio Batasunarekin "harremana" izateagatik utzi dituela legez kanpo. Batasuna ere legez kanpoko alderditzat du Espainiako Justiziak, 2003tik, baina PSOEko arduradun gorenek harrezkero alderdi horretako ordezkariekin elkarrizketak eta negoziazioak eduki izan dituzte. Espainiako Gobernua (PSOE) bera izan da orain ANV eta EHAK legez kanpo uzteko eskatu duena, Estatuko abokatuaren eta Fiskaltzaren bidez.

ANVk ustez Batasunarekin izan duen harremanagtik, "ETA erakunde terrorista politikoki laguntzen eta babesten" bukatu du, Gorenaren arabera. Bi alderdi haien hartu-emana 2007ko udal eta foru hauteskundeetan "frogatu" zela dio auzitegiak. Boz haietan Batasunak ez zuen aurkezterik izan, eta Gorenak ANVren ehun zerrenda baino gehiago baliogabetu egin zituen. "Batasuneko arduradun garrantzitsuek euren emaitza bezala hartu zituzten ANVrenak", esan du Gorenak. Baleko botoak eta baliogabeak kontuan hartuta, 190.000 boz eskuratu zituen ANVk. "Batasunak ez ezik, ETAk ere garaipen txikitzat hartu zituen emaitzak".

Hauteskundeen ondotik bi alderdi politiko haiek eta Segi legez kanpoko gazte erakundea "modu koordinatuan" aritu direla diote magistratuek, "ANVkoak baliogabeak izan ziren udaletxeetan jardunez".

Diru kontuetan ere -"partzialki"- harremana izan dute ANVk eta Batasunak, auzitegiaren arabera.

EHAKri, berriz, Batasunari babes ekonomikoa eta azpiegitura aldetik laguntza ematea egotzi diote. Hala, epaileen ustez, EHAK-k Batasunekoa den jendea hartu zuen langile bezala -Gorenak dio ordain-agiriak badaudela hori frogatzen dutenak-, eta Batasunari Usurbilgo (Gipuzkoa) bere egoitza ere uzten zion bilerak egiteko. "Ezin daiteke esan diru hura Batasunaren ondasunera zihoanik, baina bistan da Batasuneko kideek EHAKren kudeaketa politikoan parte hartzen zutela", dio Gorenak.

Magistratuek bi alderdiak legez kanpo uzteko erabilitako arrazoi bat: ez dituztela ETAren atentatuak gaitzetsi. "Ikusten da erakunde terroristarekin sintonia daukatela".

Erabaki horrekin, ANV eta EHAK desegiteko eta haien ondasun denak likidatzeko berretsi du Gorenak. Dena dela, sententziak ez dakar ezer zehatzik EHAKren Eusko Legebiltzarreko taldeaz. EHAK-k 150.000 boto lortu zituen 2005eko EAEko hauteskundeetan eta bederatzi legebiltzarkide dauzka Ezker Abertzalea taldearen barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.