ABren biltzar nagusi biharamun horretan, nola zara?
Biltzar nagusia pasa ondoren aldi oro naizen bezala. Hitzordu hau gure mugimenduko momentu politiko inportanta da. Biltzar aitzineko prozesuak sakonak dira, eta egiazko barne demokrazia parte-hartzailea dugu. Alderdiaren ezaugarri nagusietariko bat da. Debate hori guztia pasaturik lasaitzen gara.
Kantonamenduetarako, EH Bairen hautua egin duzue.
Bai, hala da. Debate sakon eta kontrajarriak izan dira, beti termino politikoetara mugatuz. Hiru mozioren artean egin beharra genuen hautua: bakarrik, EH Bai koalizioan edo abertzale eta ekologisten arteko batzearen barnean aurkeztea. 155 jendek bozkatu dute, eta gehiengoa EH Bairen aldekoa izan da.
Bakarrik aurkeztearen hautua bozketarik baztertua izan da?
Barne eztabaida guztian aurkeztua izan da. Baina, azken momentuan hau aurkeztu zutenek bozketatik kendu dute.
Sentitzen al da kantonamendukahautuen arteko ezberdintasunik?
Bai, dudarik gabe. Kostalde eta barnealdearen artean bereizkuntza bat badela erran daitekeen ez dakit, baina zerbait badela argi da. ABren barneko militantzia herritarren gehiengoa abertzale eta ekologisten arteko poloa egitearen alde da. Zuberoa eta Nafarroa Beherekoak EH Bairen alde. Ez dakit zenbateraino, baina sentitzen dela argi da.
Gehiengoa, beraz, EH Bairen alde. Zer dela eta, zure ustez?
Abertzale progresisten koalizioa begi onez ikusia delako. Bestalde, aitzineko bozetan koalizioarekin emaitza onak izan genituelako. Bistan da, Batasunak azken hilabeteetan izan duen barne prozesuak ere ukan du garrantzi handia. Jadanik hastetik AB gisa baloratu egin dugu bilakaera. Batasuna, Aralar, EA, AB eta beste hainbat eragilek izenpetu Gernikako itunak garrantzi handia du. Adibidez, lehen puntuak alde bakarreko, epe gabeko eta egiaztagarria den su etena aldarrikatzen diolarik ETAri, hori inportanta da. Geroari begirako perspektibak badira.
Zein dira?
Pentsatzen dugu EH Bai osatzen dutenen eta Europe Ecologieren arteko elkarlan eta hurbiltze politikoa posible izango dela geroan. Datozen bozei begira elkarlan horiek desiragarriak bezain errealistak bilakatuko dira agian. Biltzar nagusia aitzin hainbat eragile politikoren ikustera joan gara; abertzaleak, Europe Ecologie eta PS alderdi sozialista. Orain, EA eta Batasunarekin ariko gara hizketan, EH Bairen oinarri politikoa adosteko elkarrekin.
Baina beste alderdiek elkarlana onartzea posible ikusten duzu?
Mezu abertzale progresista batek ideia ireki eta integratzaileak behar ditu. Ezkerreko eta balio sozialei irekitzeko zaletasuna dugula uste dugu.
Kantonamenduetakoei doakienez, 10etarik 6 ala 7tan hautagaia ABko ordezkari izatea galdatzen duzue.
Bai, zuzenketa hau gehitu dute EH Bai mozioaren aldekoek. 2004an gutxi gorabehera 6.000 boz ukan genituen, Batasunak 1.000 eta EAk 150 bat. Zenbaki horiek ikusiz, zuzenketa gehitu dute. Hori ez da hartu edo uzteko baldintza, horrekin hasiko gara eztabaidan.
Nola erabakiko dituzue zerrendak, tokika ala alderdien artean?
Alderdiek dituzte hautagai proposamenak egiten, eta gero horiek kantonamenduka onesten dira. Dena den, hiru alderdiak gai gara ikusteko zein proposamen datorren kantonamenduetatik.
Besterik erabaki al duzue?
Aralarrekin elkarlana segitzea. Euskal Herriko beste eragile politikoei erabakitzeko eskubideari buruzko elkarlanaren abiarazteko proposamena luzatzeko erabaki dugu ere. Idazkaritza ere hiruk utzi dute, eta beste lau sartu dira.