politika

Batasunaren legez kanporatzea berretsi du Estrasburgok

Giza Eskubideen Auzitegiak ez dio utzi alderdiari helegitea aurkezten. Ekainaren 30ean eman zuen epaia, eta gauza bera egin zuen Herri Batasunarekin, AuBrekin, 218 herri plataformekin eta Herritarren Zerrendarekin.

2009ko azaroaren 11
20:16
Entzun
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak (Frantzia) Batasuna alderdi politikoaren legez kanporatzea berretsi du, gaur jakinarazi duenez. Auzitegiak ez dio helegitea aurkezten utzi alderdiari.

Ekainaren 30ean jo zuen ontzat Batasunaren ilegalizazioa, eta gauza bera egin zuen Herri Batasunarekin (HB), AuBrekin, 218 herri plataformekin eta Herritarren Zerrendarekin. Hala, Espainiako Alderdien Legea babestu zuen.

Estrasburgok, Batasunaren eta HBren kasuetan, onartu zuen alderdi politiko baten legez kanporatzeak elkartzeko eskubidea eta adierazpen askatasunaren eskubideetan "ondorioak" izan ditzakeela. Baina horiek onargarriak direla zioen, "estatuaren legean aurreikusita" badaude eta "gizarte demokratikoarentzat beharrezkoak" badira. Bere egin zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren eta Auzitegi Gorenaren "gizartearen behar larriaren printzipioa". Hain zuzen, Gorenak 2003an utzi zuen legez kanpo Batasuna, "ETAren estrategia terroristaren tresna" zelakoan, eta defentsak Europara jo zuen 2004ko uztailean.

Estrasburgoren erabakia Espainiaren neurrira egina zela salatu zuen Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak, eta "albiste txarra" zela zioen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.