Politika

Batasunarentzat kezkagarria da PSE-EEren proposamenak lurraldetasuna eta erabakitzeko eskubidea ez aintzat hartzea

Batasunak azpimarratu duenez, PSE-EEk baketze eta normalizaziorako egindako proposamenak ez ditu "lurralde guztiak eta herritar guztiak" aipatzen. Arnaldo Otegi eta Joseba Permachen iduriko kezkagarria da hori. PSE-EEk proposamena egitea onuragarria iritzi dio Batasunak baina hainbat puntu kritikatu ditu. Batez ere, lurraldetasunari eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubideari dagozkionak.

2006ko otsailaren 24a
20:01
Entzun
Batasunak honakoa argitzeko eskatu dio PSE-EEri: "Zergatik hartzen dute erabakitzeko eskubidea proiektu politiko bezala, herriaren eta herritarren oinarrizko eskubidea bada?". Otegik eta Permachek honakoa berretsi dute: "Batasunak argi utzi nahi du, lurralde banaketa eta erabakitzeko eskubidea ukatzea zuzenean Espainiako Konstituzioaren ondorio direla eta gatazka politikoa sortu besterik ez dutela egiten. Hori dela eta, ulergaitza da PSE-EErentzat horiek izatea negoziaziorako abiapuntu".

Gainera, oso kezkatuta agertu dira Batasuneko kideak sozialisten proposamenak Nafarroa eta Ipar Euskal Herria aipatzen ez dituelako: "Kezkagarria da proposamenak lurralde guztiak eta herritar guztiak ez aipatzea".

Mahai Nazionalak ateratako ondorioak irakurri dituzte Otegik eta Permachek. PSE-EEk demokraziaren eta askatasunaren printzipioen gainean egindako adierazpenak "iraingarriak" iruditu zaizkio Batasunari. Izan ere, sozialistek "bere etorkizuna demokratikoki hautatzeko eskubidea ukatzen diote herri honi", Batasuneko kideen ustetan. Gainera, PPrekin batera askatasun demokratikoak eta eskubide zibil eta politikoak zapaltzen ditzuten ilegalizazio politikak gauzatu dituzte sozialistek Batasunaren hitzetan.

Hala ere, Batasunarentzat baliotsua da proposamena egite hutsa. Gainera, ezker abertzaleak urteetan egindako aldarrikapenetako batzuk ere jasotzen ei ditu PSE-EEren dokumentuak:"Gatazka politikoaren onarpena, konponbidea elkarrizketak ekarriko duela eta mahai baten beharra". Era berean, Batasunak Anoetan proposatu bezala bi mahai sortu behar direla dio PSE-EEren agiriak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.