Duela hamabost urte ETAk bahitu eta hil zuen PPko zinegotzi Miguel Angel Blanco, eta hura gogorarazi zuten atzo Ermuan. Parte hartzaileek «batasun sozial eta politikorako» deia egin zuten, ETA «gailendu» ondoren «elkarbizitza askotariko bat eraikitzeko». Ekitaldia Ermuko udaletxean egin zuten, eta han izan ziren Mari Mar Blanco hildakoaren arreba eta PPko legebiltzarkidea, Carlos Totorika Ermuko alkatea (PSE-EE), Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua, Anton Danborenea Bizkaiko PPko presidentea, Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramailea, Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidea, Gorka Maneiro UPDkoa, eta Ermuko PSE-EEko, PPko eta EAJko zinegotziak.
Mari Mar Blancok nabarmendu zuen egungoa «itxaropen eta ilusio garaia» dela, baina ohartarazi zuen oraindik «asko» dagoela egiteko. «Duela hamabost urte bezala batu behar gara, ETA desegin dadin eta terroristek barkamena eska dezaten». Totorikak, berriz, esan zuen «ETA militarki garaitu ondoren» eragile guztiei dagokiela «denok eroso egoteko moduko elkarbizitza askotariko bat eraikitzea».
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan, mezu bat bidali zion ezker abertzaleri: «Iraganeko erantzukizuna bere gain hartu behar du, eta onartu behar du huts bat izan dela euskal gizarteari sorrarazi dion mina eta sufrimendua».
Antzera mintzatu zen Patxi Lopez lehendakaria. Lopez ez zen Ermuan izan, baina, Barakaldon eginiko ekitaldi batean, esan zuen Blancoren memoria erabili behar dela «hilketa hori akuilatu zuen ideologia gaitzesteko».
Aralarrek, ohar batean, adierazi zuen omenaldian parte hartu duela «biktima guztien eta indarkeria mota guztien aitorpena lantzeko». Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak,berriz, omenaldiaren aurretik eta Radio Euskadin eginiko elkarrizketa betean, esan zuen alderdi guztiek egin behar dutela «iraganari buruzko interpretazio kritiko bat».
Blancori eginiko omenaldiaz gain, 2001ean ETAk hildako Mikel Uribe ertzaina gogoratu zuten atzo, Arkautiko Ertzaintzaren akademian. ETAri «desagertzeko» eskatu zioten han bildu zirenertzainek.
Batasunera deitu dute Blancoren omenaldian
Lopezek dio Blancoren memoria erabili behar dela «hilketa hori akuilatu zuen ideologia gaitzesteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu