Kostata jarri ziren ados, eta greba egiteko bi aste falta direla hautsi egin da akordioa: ELAk eta EILASek jakinarazi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dutela bat egingo hilaren 31rako alor publikoan deitutako grebarekin. Nafarroako deialdiari eutsi egin diote, ordea. Eusko Jaurlaritzaren iragarpenak izan dira atzera egiteko arrazoia: murrizketak ez dituela ezarriko agindu du gobernuak, eta horretara «egokitu» nahi izan dute bi sindikatuek. Mobilizazioak egingo dituzte, ez lanuzterik. Kolokan dago greba deia: LABek bihar erabakiko du aurrera egin edo ez, nahiz esan duen ez datorrela bat aldaketarekin; ESK-k astelehenean erabakiko du zer egin.
Murrizketen aurkako protestak elkarrekin antolatzen eta egiten ari dira azken asteetan sindikatu abertzaleak —gaur bertan dute egitekoa protesta Txagorritxuko ospitalean, Gasteizen—, baina ELAren eta EILASen «birplanteamenduak» ezbaian jarri du adostasuna. LABek nabarmendu du grebara deitzeko zituzten arrazoiek bere horretan jarraitzen dutela: «Ez da agertu deialdia birplanteatzera eramateko moduko elementu berririk».
Eusko Jaurlaritzaren iragarpenek sortu dute haustura. Osasunean eta hezkuntzan agindutako murrizketak ez dituela ezarriko agindu du Patxi Lopezen gobernuak, eta haien aurka egingo duela iragarri du —EAEko PPk babesa kendu dio, Madrilgo gobernuaren aurka ari delakoan—. Murrizketa batzuk derrigor ezarri beharrekoak dira, ordea, Espainiako Gobernuaren dekretuak jasotzen duenez eta Jaurlaritzak berak aitortu duenez; ikusteko dago zer gertatuko den horiekin. Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko duela behin eta berriro adierazi dute Jaurlaritzako sailburuek; ez dira oraindik joan. Espainiako Gobernuarekin hitz egingo dute lehenik —legeak agintzen du—; bi hilabete dituzte horretarako.
Analisian, ados
Iragarpenak bai, baina oraingoz pausorik ez du eman Lopezen gobernuak. Esana du, gainera, ez duela intsumiso jokatu. «Nahasmendua» sortzen aritzea egotzi diote Jaurlaritzari ELAk eta EILASek. Deigarri da egoera: greba deialdia bertan behera uztea erabaki duten sindikatuek eta LABek gisa bereko iritziak azaldu zituzten atzo Lopezen gobernua egiten ari denaz. «Ez dugu sinesten Jaurlaritzaren diskurtsoa», esan zuten atzo ELAko eta EILASeko ordezkariek, eta salatu zuten azken hiru urteetan murrizketak egin dituela Lopezek. Hori uste du LABek ere: «Jaurlaritzak ez du sinesgarritasunik, murrizketak egiten lehena izan baita».
Analisian ados daude, hortaz. Egoerari erantzuteko moduarekin sortu dira desadostasunak. ELAk eta EILASek uste dute denbora irabazi nahian ari dela Lopezen gobernua —«ez dute bermatu murrizketak ez dituztela ezarriko»—, hauteskundeetan porrot ez egiteko. Hartara, zain egotea hobe dela iritzi diote: murrizketak abian jarritakoan deituko dute grebara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hilaren 31n, berriz, protesta egingo dute kalean: itxialdiak, elkarretaratzeak eta horrelakoak antolatuko dituzte.
LABek bestela uste du: greba egiteko arrazoiak badaudela dagoeneko, eta horren bidez egingo diotela aurre murrizketa sortari. «Borrokatu ezean, zerbitzu publikoak suntsitzen segituko dute».
Nafarroan, elkarrekin
ELAren eta EILASen aldaketa «arrazoizko» jo du Eusko Jaurlaritzak, Carlos Agirre Ekonomia sailburuaren bitartez. Haren arabera, «aparteko ahalegina» ari da egiten gobernua zerbitzu publikoei eusteko, eta galdera egin du, noren aurka egin nahi zuten greba.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako hausturak ez du eraginik Nafarroan. Egoera desberdina da, izatez. Gobernuak esana du murrizketa neurri gehienak bere egingo dituela. Batuta jarraitzen dute sindikatuek, eta ELAk eta EILASek atzo nabarmendu zuten 31ko deialdiari eutsi egin diotela herrialde horretan. Bilera dute gaur alor publikoko mahai orokorreko sindikatuek eta gobernuak: funtzionarioei lanordu gehiago ezarri nahi dizkiete. Mobilizazio gehiago egiteko prest direla ohartarazi dute sindikatuek.
Batasunik ezak koloka jarri du 31ko greba
Jarrera aldatu dute ELAk eta EILASek, eta grebara ez deitzea erabaki dute; LABek ez du jakinarazi aurrera egingo duen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu