Nazio Eztabaidaguneak hartu du, aurten, iazko ekimena errepikatzeko ardura. Atxikimendu ugari jaso ditu. Ez, ordea, alderdi abertzale guztienak. Batasunak, Aralarrek eta ABk bertaratzeko deia egin dute, deialdia bere eginda. EAk ere babestu du martxa, iaz bezala, Gernikan bere ekitaldi propioa antolatu duen arren. Han, erabakitzeko ahalmenaren eskubidea aldarrikatu dute batez ere,
EAJk ez dio babesik eman ibilaldiari. Bilbora deitu ditu bere militanteak. Iaz ere hala egin zuen arren, ordezkaritza bidali zuen Irundik Hendaiarako martxara. Aurten ez du halakorik iragarri. Euskadi 2020 ekimena eta Espainiako Gobernuaren lortzea helburu duten ituna izango dute hizpide.
Nazio Eztabaidagunea
Burujabetza mugaz gaindi
Nazioa gara. Zazpiak bat. Burujabetzaren alde. Lelo hori buru hartuta batuko ditu mugaren bi aldeak Nazio Eztabaidaguneak antolatutako martxak, Bidasoa ibaia gainetik igarota. 11:30ean abiatuko da ibilaldia Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazoka aurretik, eta, ia bost kilometroko ibilaldia egin ondoren iritsiko da Hendaiara (Lapurdi). Han, Gaztelu Zahar plazan egingo dute ekitaldi politikoa. Gerorako, mila lagunentzako bazkaria prestatu dute, eta jai giroa egongo dela ziurtatu. Bazkal ondoren, 17:00etatik aurrera, Euskal Herria Bai koalizioaren azken hauteskundeetako emaitza onak ospatzeko ekimena iragarri dute.
Euskal Herria bere buruaren jabe izateko eta gatazka gainditzeko esparru aldaketa beharrezko dela uste dute antolatzaileek. Eta, aldaketa horrek, Euskal Herria nazio gisa aitortu, lurraldetasuna errespetatu, eskubide guztiak bermatu eta erabakitze eskubidea garatzea ekarri behar duela. Hori izango da Hendaiako mezua.
Lau alderdi abertzalek ez ezik, Bai Euskal Herriari ekimenak, Udalbiltzak, LABek eta Bilgune Feministak ere egin dute bertaratzeko deia, eta gizarte eta kultur munduko 60 bat lagunek eman diote atxikimendua. ELA sindikatuak, abertzaleen arteko batasuna aldarrikatu du Aberri Egunaren harira, nazio eraikuntzan aritzeko gonbita luzatu du, baina ez du Aberri Eguna dela-eta antolatutako ekimen batean edo bestean parte hartzeko deialdi jakinik egin.
Euzko Alderdi Jeltzalea
Bilbon, «asko dago egiteko»
Bilbon ospatuko du Aberri Eguna EAJk. Iazko leku eta egitura bera aukeratu ditu aldarria eta festa uztartzeko. Eguerdian egingo du ekitaldi nagusia Plaza Barrian, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta EBBko presidentea hizlari direla. Iaz Juan Jose Ibarretxe eta Josu Jon Imaz izan baziren hitza hartu zutenak, aurten, Ibarretxe, eta Iñigo Urkullu izango dira.
EAJk, hemendik aurrera dituen egitasmo nagusiak gizarteratzeko baliatuko du. Euskadi 2020 «kontratu berria» deitu dion proposamena zertan datzan azalduko du, batetik. Bestetik, «akordio politikorako garaia» dela sinetsita, PSOEren gobernuko buru Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin lortu nahi duen ituna izango du hizpide, Ibarretxeren bide orriarekin uztartuta. Aberrigintzan aurrera egin dela uste du EAJk; Euskal aberria «inoiz baino hobeto» dagoela. Hala ere, oraindik«asko dago egiteko», dio. Ideia hori du ardatz gaurko prestatu duen agiriak.
Ekitaldi politikoaren ondoren, bazkaria egingo du EAJk Arriaga Plazan, eta han ere jai giroa ez dela faltako agindu dute.
Eusko Alkartasuna
Erabakimenaren alde Gernikan
Gernikara joango da Eusko Alkartasuna, iaz bezala. Merkatu Plazan egingo du ekitaldi nagusia. Eta, joan zen urteko egitura errepikatuta, hizlariak alderdiko presidentea eta idazkari nagusia izango dira. Aurten, kargu aldaketen ondorioz, Ziarreta eta Joseba Azkarraga arituko dira.
Ibarretxek proposatutako bide orria izango dute hizpide nagusi, horixe baita, gaur-gaurkoz, EAren apustu nagusia. Eta, azkenaldian EAJko buruzagiek ekimenaren inguruan erakutsi dituzten asmoek kezkatuta dituztenez, «bide okerrik» ez hartzeko eskatuko diete; proposamena hirukoaren gauza dela ohartaraziko dute, eta EAJk ezin duela bere kasa gainbehera bota. Erabakitzeko eskubidearen errespetuan oinarritutako esparru juridiko berria aldarrikatuko du, Gernikako Estatutuaren erreforma ez dela aski ohartarazita. Bestalde, erabaki eskubidearen inguruan indar metaketa egin behar dela uste duela-eta, alderdi eta sindikatu abertzaleen arteko harremanak hobetzen saiatzeko apustua egingo duela iragarri du.
Gernikako Estatutua aldatu ahal izatea jarri du helburu EAJk
Gernikako Estatutuari egin nahi dion moldaketa zein den azaldu du Andoni Ortuzar BBBko presidenteak, Aberri Egunaren bezperan. Estatutuak, araudi hori aldatzea ahalbidetuko duen «mekanismoren bat» jaso dezan nahi du, etaEspainiako Gobernuak Estatutuaren garapena geldiaraztea saihesteko neurria izan dezala. Estatutuak jasotzen duena «bi aldeek» errespeta dezatela, eta Espainiako Gobernuak ez dezala bere kasa horri muzin egiteko aukerarik izan.Bestalde, Euskadi 2020 ekimena hauteskunde emaitzen ondorengo hausnarketatik sortu dela azaldu du. Helburua EAJren militanteei eta «jarrera epelagoa dutenei» zuzendu beharreko mezuak uztartzea da.