Proposamena mahai gainean dago: Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan EAJ, ezker abertzalea, EA, Aralar eta Alternatiba elkarrekin aurkeztea Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Hau da, abagune politiko honetan aliantza berri bat osatzea, euskal subjektu nazionala modu argi batean agertzeko, bere etorkizunaren jabe izan nahi duen euskal nazio bat dela ozen esateko. Horixe da gaur ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak EAJri eta Aralarri egin dieten eskaintza politikoa.
Aliantza hori gauzatuko balitz, euskal foru ordezkaritza indartsua osa liteke Espainiako Gorteetan. Foru hauteskundeetako emaitzak Espainiako Kongresurako hauteskundeetara estrapolatuz gero, oso mapa politiko argigarria geldituko litzateke: Hego Euskal Herrian aliantza berriak hamabost diputatu bilduko lituzke, alderdi sozialistak lau, PPk bi eta UPNk bi. Aliantza horren eskakizun politikoek oihartzun eta indar berezia hartuko lukete.
Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak egin duten gogoetaren arabera, Espainiako hauteskundeak aukera bat dira «Euskal Herrian zabaldutako fase politiko berrian sakontzeko, eta, ondorioz, bake eta konponbide demokratikoen prozesua itzulezin bilakarazteko». Halaber, gogoeta horren arabera, abaguneak bidea ematen du «posizio soberanista eta independentistetatik aldaketa politiko eta sozialean aurrera egiteko». Gogoeta eta eskaintzaren berri emateko, ezker abertzaleko Jone Goirizelaia eta Rufi Etxeberria, EAko Pello Urizar idazkari nagusia eta Ikerne Badiola Komunikazio idazkaria, eta Alternatibako Ander Rodriguez eta Begoña Vesga agertu dira komunikabideen aurrean. Agerraldia eta proposamena ez da Bildurena, baizik eta Euskal Herria ezkerretik sinatu zuten hiru sentsibilitate edo indar politikoena: ezker abertzalea, EA eta Alternatiba. Aliantza berriaren izena eta bestelako zehaztasunak EAJren eta Aralarren erantzuna izatean aztertuko dituzte. Pello Urizarrek jakinarazi duenez, EAJrekin eta Aralarrekin harremanetan jarri dira, eta laster batean haiekin biltzea espero dute. Aralarrek atzo bertan jakinarazi zuen bilera eskaerari baiezkoa eman diola. EBri ez diote proposamena helarazi.
Herri gisa
Proposamena egin duten alderdien ustez, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aukera bat dira «Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako gizon eta emakumeak, Madril eta Europarekin beren barne zein kanpo harremanak zein izan behar duten erabakitzeko orduan, subjektu politikoa direla exijitzeko». Aukera horren aurrean, aliantza berri bat osatzeko apustua egin dute. Aliantza horren bidez, «herri baten erreferentzia gisa aurkeztea» posible ikusten dute proposamenaren bultzatzaileek. «Une historiko honetan altu eta ozen esan behar dugu Espainian indarrean den eredu politiko, ekonomiko eta sozialaren aurrean badela euskal nazio bat, bere etorkizunaren jabe izan nahi duena, bake egoera bat eskatzen duena, Europan estatu bat izan nahi duena herritarrek hala erabakitzen badute demokratikoki».
Euskal Herria nazio bat dela eta bere etorkizun politiko, ekonomiko eta soziala erabakitzeko eskubidea duela uste dutenak elkartu nahi dituzte aliantza berriaren bidez. Horretan ados dauden kultura politiko guztiak modu eroso batean elkartzeko aukera dagoela ziurtatu dute. Horregatik, gainerako alderdi politikoei «eskuzabaltasunez eta anbizioz gogoeta egin dezaten» eskatu diete, «herri gisa pentsatuz eta alderdien interes partikularretatik kanpo». Ezker abertzalearen, EAren eta Alternatibaren ustez, gizartea une historiko honetan horrela jokatzeko eskatzen ari da. «Ezin diegu hauteskunde hauei aurre egin beste edozein balira bezala».
Eskaintzarekin batera, aliantza berriak izango lituzkeen oinarrizko edukiak azaldu zituzten. Lehena, normalizazio politikoa.
Batera joatea eskaini diete EAk, ezker abertzaleak eta Alternatibak EAJ eta Aralarri
Euskal Herria nazio bat dela eta bere geroaren jabe izan nahi duela ontzat ematen dutenei elkartzeko deia egin dieteHego Euskal Herriko lau herrialdeetarako proposamena da, Espainiako bozei begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu