LURRALDE ELKARGOA

Batera-k borrokan segitzeko "determinazioa" berretsi du

Batera-k biltzar nagusia egin du goizean Ezpeletan (Lapurdi). Aho batez bozkatu dute euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinakundean lan egiteko engaiamendua berresten duen mozioa. Mobilizazioa "sekula baino beharrezkoagoa" dela ondorioztaturik, borrokan segitzeko erabaki sendoa ere berretsi dute.

JENOFA BERHOKOIRIGOIN BAIONA
2013ko uztailaren 13a
18:00
Entzun

Ehun bat lagun bildu dira Batera plataformaren biltzar nagusira. Borrokan segitzeko "determinazioa" berresten duen mozioa bozkatu dute, aho batez. Horrez gain, aho batez adierazi dute euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinakundearen barnean lan egiteko engaiamendua ere.

Euskal lurralde elkargoaren aldarria eramaten segitzeko mobilizazioei buruz eztabaidatzeko unea izan dute Batera-ko militanteek. Ideia guztiak entzunik, mobilizazioen bide orria adostuko dute eta militanteek bozkatuko dute proposamena ondoko hilabeteetan burutuko den biltzar nagusi berezi batean.

Proposamen berezirik planteatu gabe, eztabaida momentua izatea nahi zuten ordezkariek. Helburua lorturik, baikorki atera dira bileratik. «Frantziaren partetik blokeoa dugu erantzun gisa; horri nola erantzungo diogun adostuko dugu», Menane Oxandabaratz militantearen hitzetan. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren aldarriak sostengu zabal eta plurala du. Alta, nahiz deszentralizazio erreformarekin instituzio bat sortzeko testuinguru baikorra izan, ezetza da Paristik emandako erantzuna.



Ipar Euskal Herri guztitik bildu da jendea. Besteak beste, hor egon dira Txetx Jean-Noel Etxeberri, Jakes Bortairu, Leoni Agergarai, Arño Cachenaut, Mixel Berhokoirigoin, Menane Oxandabaratz, Martine Bisauta, Pantxoa Bimboire... Frederique Espagnac, Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux parlamentari sozialistak ere bertaratu dira.

Azken hilabeteetan eraman gogoeta eta ekimenen balorazioa ere eginen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.