Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Rafa Diez, Arnaldo Otegi eta Miren Zabaletaren senideek eta Arnaldo Askatu, Politika Askatu plataformak antolatu dute elkarretaratzea, eta haiek eman dute gaur horren berri. Bateragune auzia-n zigortuak izan ziren bostak aske uzteko eskatuko dute, Logroñoko espetxearen aurrean egingo duten elkarretaratze batean. Martxoaren 2an egingo dute, eguerdian. Bertan dira preso Otegi eta Rodriguez.
Askotariko eragileek babestu dute dagoeneko protesta. Alderdi politikoen artean, ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak bat egin dute egitasmoarekin. Gainera, beste ordezkari politiko batzuk ere izango dira Logroñoko kartzelaren kanpoaldean, ERCko Espainiako diputatu Joan Tarda eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano kasu. Sindikatu ugarik ere atxikimendua adierazi dute: esaterako, EILASek, LABek eta ELAk.
Gaurko agerraldian, salatu dute bostek 1.223 egun daramatzatela preso. Horiek askatzeaz gain, euskal presoak Euskal Herriratzeko eta gaixo daudenak libre uzteko eskatuko dute.