«Politika egiteagatik» aurreko bi asteetan zortzi lagunen aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean egin duten epaiketaren inguruan «isilik» egoterik ez dutela eta, hamasei alderdi eta gizarte eragiletako ordezkariek eskaera bateratu bat egin dute. Bateragune auzian epaitutakoak absolbitzeko exijitu dute, eta epaia legeztatzeen bideari eusteko baliatzeko. Auzi horren epaiak «epaiketa politikoen amaiera» adieraztea nahi dute. EA, ezker abertzalea, Aralar eta Alternatiba alderdiek, LAB, ESK, EILAS eta Hiru sindikatuek, eta Lokarri, Eleak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia, Torturaren Aurkako Taldea, Ikasle Abertzaleak, Gazte Independentistak, Gazte Abertzaleak eta Lau Haizetara Gogoan taldeek adostu dute epaiketa salatzeko manifestua. Atzo eman zuten ezagutzera, agerraldia eginda.
Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jazinto, Rafa Diez, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra «politika egiteagatik, beraien eskubide zibil eta politikoak praktikan jartzeagatik» epaitu dituztela salatu dute eragileek. Lehen laurak, gainera, politikan aritzeagatik 2009ko urritik preso izatea ere gaitzetsi dute. «Egin duten jardun politiko publikoaren ondorioz, guztiak espetxe zigor gogorretara zigortzeko arriskuan daude», ohartarazi dute guztien izenean Haritz Petralanda gazte independentistak eta Ainhoa EtxaideLABeko idazkari nagusiak, manifestua sinatu duten eragileetako ordezkariak alboan zituztela. Bertan izan dira Diez, Moreno, Esnal eta Serra ere.
«Kutsu politiko nabarmeneko» epaiketa izan dela salatu dute. «Oinarri politikoa duen akusazioarekin» epaitu dituztela, «inolako oinarri juridikorik gabe».
«Giza eskubideen urratze zuzeneko baten aurrean gaude, eskubide zibil eta politikoak urratu nahi dituen jardun judizial baten aurrean», ondorioztatu dute. Etahorrek Espainiako Estatuaren demokrazia gabezia agerian uzten duela uste dute.
«Konpromiso zintzoa»
Manifestua sinatu dutenek, berriz, Euskal Herria «bake bidera eta aterabide demokratikoetara» eramateko «konpromiso zintzo eta tinkoa» dutela azaldu dute; «normalizazio politikoaren eta indarkeriarik gabeko jokaleku baten alde» egiteko determinazioa dutela. Bidea «luzea» izango dela jakinik ere, berretsi egin dute konpromisoa. «Inongo indarkeriarik gabeko Euskal Herria nahi dugu», adierazi dute; «inoren aurkako mehatxurik gabea, presio, jazarpen, atxiloketa eta torturarik gabea. Euskal Herria, non pertsona guztiok, gure ideologia dena delakoa delarik ere, eskubide guztia izango dugun gure ideia eta proiektuak defendatu eta praktikara eramateko», esan du Petralandak hainbat ideologiatako eragileen izenean. «Euskal Herria, non ez den pertsona errepresaliaturik egongo».
Deia Espainiari
Horretarako, ordea, «Espainiako Estatuak eskubide nagusiak urratuta egiten duen atxiloketa, jazarpen eta epaiketa oro» bertan behera uztea «behar beharrezkoa» dela ohartarazi du.
Horie hala, eragileek hiru eskaera zehatz egin dituzte «normalizazio politiko eta demokratikoan» aurrera egiteko: Bateragune auzian epaitutako guztiak absolbitzeko, epaiketa politikoei amaiera emateko eta legez kanpo dauden erakunde politikoak legeztatzeko zein «militante politikoen aurkako jazarpena» amaitzeko. «Hemen bildu garenok espero eta exijitzen duguna da sententziak legeztatzeari bidea ireki eta epaiketa politikoen amaiera ekartzea», laburbildu dute.
Egoera horretara iristeko, baina, «herritar guztien beharra» dagoela ohartarazi dute gizarte eragileetako ordezkariek. Hortaz, indarrak batu eta «gogor lan egiteko deia» egin diete herritar, gizarte eragile eta indar politiko guztiei.
'Bateragune auziaren' epaiarekin legeztatzeei ekiteko eskatu dute
Epaituak absolbitzeko eta epaiketa politikoak amaitzeko exijitu dute hamasei alderdi eta gizarte eragilek agiri bateanAterabide demokratikoekiko konpromisoa berretsi, eta indarrak batzera deitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu