'Bateragune auziaren' kronologia

2011ko irailaren 15a
16:40
Entzun

2009ko urriaren 13a. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta, Espainiako Poliziak Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Rufi Etxeberria, Ainara Oiz, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra atxilotu zituen hainbat tokitan, ETAren esanetara aritzea eta Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea egotzita. Bateragune izena jarri zioten operazioari. Ezker abertzalea estrategiari buruzko gogoeta haster zen, Otegik-eta sustatuta.

2009ko urriaren 16a. Garzonek kartzelatu egin zituen Otegi, Diez, Zabaleta, Rodriguez eta Jacinto. Etxeberria eta Oiz aske utzi zituen, badaezpadako neurririk jarri gabe. Moreno, Esnal eta Serrari hamarna mila euroko bermea ezarri zien libre geratu ahal izateko —ordaindu zuten—.

2009ko urriaren 17a.Operazioaren aurkako manifestazio jendetsua egin zen Donostian, ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta deituta. "Irtenbide demokratikoaren alde aritzeko konpromisoa" berretsi zuten sindikatuek.

2009ko azaroaren 8aProzesu demokratikoaren alde idatzitako gutunaren berri eman zuten Otegi, Diez, Zabaleta, Rodriguez eta Jacintok kartzelatik. "Fase berrian, estrategia eta tresna berriak behar dira, ezinbestean", zioten.

2010eko apirilaren 26a. Espainiako Auzitegi Nazionalak Rafa Diez aske utzi zuen, 30.000 euroko bermepean. Otegi, Zabaleta, Rodriguez eta Jacintok kartzelan segitu zuten —hala izan dituzte hasieratik—.

2011ko ekainaren 27a.Bateragune auziko epaiketa hasi zen Madrilen, Auzitegi Nazionalean. Euren apustua bide soilik politiko, baketsu eta demokratikoen aldekoa izan dela azaldu zuten akusatuek. Ordurako ezker abertzaleak amaituta zeukan estrategiari buruzko gogoeta, eta hainbat pauso emana zen: 2009ko azaroan Altsasuko adierazpena, 2010eko otsailean Zutik Euskal Herria, 2010eko ekainean EArekin akordio estrategikoa, 2010eko irailean Gernikako Akordioa, 2011ko otsailean Sortu, 2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan Bildu... Aurtengo urtarrilean ETAk su-eten egiaztagarri, iraunkor eta orokorra aldarrikatu zuen.

2011ko uztailaren 7a.Orduan amaitu zen epaiketa, akusatuen azken hitzarekin. Otegi: "Gure estrategian, militarraren 'm' [militarra] hori soberan dago, traba egiten du". Fiskalak Otegi eta Diezentzat hamarna urteko espetxe zigorra eskatu zuen, bederatzikoa Zabaletarentzat, eta zortzikoa Rodriguez eta Jacintorentzat.

2011ko irailaren 16a (gaur). Auzitegi Nazionalak hamarna urteko kartzela jarri die Otegi eta Diezi, eta zortzinakoa Zabaleta, Rodriguez eta Jacintori, ETAkoak izatea eta Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea leporatuta. Moreno, Esnal eta Serra absolbitu egin ditu. Angela Murillo, Teresa Palacios eta Juan Francisco Martel epaileek osatu dute epaimahaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.