Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jazinto, eta Arkaitz Rodriguezen abokatuek lau motibo nagusi argudiatu dute babes helegitea jartzean: errugabetasun printzipioaren urraketa, inpartzialitatearen printzipioaren urraketa, akusazio printzipioaren urraketa eta justizia eraginkorrerako eskubidearen urraketa.
Epaiaren exekuzioa eteteko eskaera
Babes helegitearekin batera, defentsek Auzitegi Gorenaren epaiaren exekuzioa bertan behera uzteko eskatu dute. Auzia aztertzen den bitartean zigor epaia eteteko eskatu dute, babesa emanez gero inputatuei egindako kaltea ezin izango zelako konpondu. Izan ere, bost inputatuak preso daude, eta gehienek ezarritako zigorraren erdia beteko dute aurki (Otegik, adibidez, 983 egun darama preso). Epaiaren exekuzioa bertan behera utziz gero, bost presoak aske geldituko lirateke.
Auzitegi Konstituzionalak lehenik erabaki behar du ea babes helegitea tramitatzen duen. Baiezkoa bada, atal berezi bat irekiko luke epaiaren exekuzioa eteteko eskaera aztertzeko, eta aldeei jarrera agertu eta argudiatzeko aukera emango lieke.
Konstituzionalak 'Bateragune auziko' epaia zuzenduko duela
uste du De Prada epaileak
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Sorturi buruz hartu berri duen erabakia kontuan hartuta, Jose Ricardo de Prada Auzitegi Nazionaleko epaileak uste du Konstituzionalak zuzendu egingo duela 'Bateragune auziko' zigor epaia.
De Pradaren ustez, Auzitegi Konstituzionalak ildo argi bat markatu du, non kriminalizatutako jarrera batzuk zilegi direla adierazi den. Epaileak Bilbon egin ditu adierazpen horiek, Sabino Arana Fundazioak antolaturiko ETAren amaiera eta Zigor Zuzenbidea jardunaldian.
Bestalde, 'Bateragune auzian' zigortutako eta egun preso dauden Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacintoren defentsek babes helegitea aurkeztu dute Auzitegi Konstituzionalean.