Bateragune auzian zigortutako Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Rafa Diezi Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako kartzela zigorrak ez ditzala bertan behera utzi eskatu dio Espainiako Fiskaltzak Auzitegi Konstituzionalari.
Auzitegi Konstituzionalak maiatzaren 9an tramiterako onartu zuenBateragune auzian zigortutakoek aurkeztutako helegitea. Horrekin batera, auziaz erabakitzen duen arte zigortuak libre uzten ote dituen aztertzen ari da auzitegia.
Fiskalak auzitegiari eskatu dio bazter dezala zigorrak bertan behera uztearen eskaera, auziak duen "garrantzia soziala" dela eta. Gainera, argudiatu du Otegiri eta Diezi ezarritako espetxe zigorrak bost urtetik gorakoak direla —sei urte eta erdiko zigorrak dituzte—, eta libre geratu ahal izateko zigor laburragoak izan beharko luketeela. Otegiri eta Diezi buruzko eskariak egin ditu fiskalak, baina erabakiak Jacintori, Rodriguezi eta Zabaletari ere eragiten die.
Auzitegiak ez du eperik bost zigortuen askatasunari buruz erabakitzeko.
Ezker abertzalea estrategia politiko-militarretik estrategia politikora pasatzea eragin zuen eztabaida sustatzeagatik, atxilotu egin zituzten 2009ko urrian. Zigortu egin zituen Auzitegi Nazionalak 2011n, eta sei urte eta erdiko zigorra jarri zien Espainiako Auzitegi Gorenak 2012ko maiatzean, ETAko kide izatea egotzita.