bateragune auzia

Bateragunekoak aske uzteko eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

"Auzi politikoak behin betiko uzteko" eskaera egin diete Estatuko botereei, Bildu, Aralar eta EAJko batzarkideen botoekin

2012ko martxoaren 30a
19:11
Entzun

Bateragune auzian Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra bertan behera utzi eta Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jazinto "aske uzteko eskaria" egin dute gaur arratsaldean Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Bilduk aurkeztutako ebazpen proposamenari Bilduk eta Aralarrek aurkeztutako erdibideko zuzenketa onartu da, Bildu, Aralar eta EAJko batzarkideen sostenguarekin. PSE eta PPko batzarkideek kontra bozkatu dute.

Halaber, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Estatuko botereei dei egin diete "auzi politikoak behin betiko uzteko, bizi dugun garai berrian bakegintzan eta normalkuntza demokratikoan aurrera egiteko oztopoak besterik ez baitira".

Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta Bateragune auziko presoek bihar 900. eguna izango dute kartzelan; 2009ko urriaren 13an izan zen polizia operazioa, eta handik egun batzuetara sartu zituzten espetxean, Batasunaren Mahai Nazional berria osatzeko ETAren esanetara ari zirelakoan. Auzi berean Rafa Diez ere preso daukate, baina hura aldi batez libre izan zen, bermea ordainduta —iazko irailaren 19tik da berriro espetxean—.

Datozen egun edo asteetan jakingo da bostek espetxean segituko duten ala ez. Izan ere, asteazkenean izan zen Espainiako Auzitegi Gorenean defentsa abokatuek aurkezturiko helegiteari buruzko auzi saioa, eta Juan Saavedra, Jose Manuel Maza, Juan Ramon Berdugo, Alberto Jorge Barreiro eta Miguel Colmenero magistratuek aztergai dituzte orain eskaerak.

Hain zuzen, Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta aske uzteko eskatu zuten defentsek, eta Fiskaltzak eta herri akusazioak, aldiz, Auzitegi Nazionalaren zigorrak berresteko. 

Hamar urteko kartzela Otegik eta Diezek, zortzikoa Jacintok, Rodriguezek eta Zabaletak

"Edozer gauza gertatzen dela ere, inork ez dezala utzi hasi dugun bidea". Otegiren hitzekin amaitu zen iazko uztailaren 7an Bateragune auziko epaiketa Auzitegi Nazionalean. Zigorra etorriko zitzaiela susmoa zuten auzipetuek, eta halaxe izan zen haietako bostentzat. Epaia irailaren 16an jakin zen: hamarna urteko espetxe zigorra Otegi eta Diezentzat; zortzina urtekoa Jacinto, Rodriguez eta Zabaletarentzat; eta absoluzioa Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serrarentzat.

Bi hilabete geroago, azaroaren 16an, bost presoen defentsek kasazio helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean, epaia baliogabetzeko eskaera eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.