2008ko abuztuan Martuteneko kartzelatik atera eta hiru hilabetean "ezker abertzaleko hamarnaka kide erreferentzialekin iritziak eta gogoetak kontrastatu" ostean, Arnaldo Otegik garbi ikusi zuen euren estrategia errotik aldatu beharra zutela, ezker abertzalea zulo "politiko eta ideologikora" zihoalakoan. Bidea urratzen hasi zen, beste kide batzuekin batera, eta "eztabaidaren ofizializazioa" 2009ko martxoko prentsaurreko batean gertatu zen.
Euskal Herri independentea eta sozialista lortzeko helburuarekin bakea eta normalizazio politikoa izateko bidean, nagusiki hauek ziren haien ondorioak: 1. Ezker abertzaleak estrategia politiko-militarra bukatu beharra zeukan, bide politikoei soilik eutsiz. 2. Gatazka konpontzeko nazioarteko eragileen parte hartzea ezinbestekoa zen. 3. Abertzale eta ezkertiar diren euskal eragileekin aliantzak lortzea funtsezkoa zen.
Baina Otegik El tiempo de las luces (Argien aroa) liburu argitaratuberrian kontatzen du bazekitela laster atxilotuko zituztela. Bere buruari hilabete batzuetako askatasuna baino ez zion ematen. "Baina ez ginen ezkutatu eta ez genion lan egiteari utzi". 2009ko udan erabaki zuten eztabaida ezker abertzalera zabaltzea eta Argitzen txostena bukatzea.
Idatzia 2009ko urriaren 13an bidali zuten ezker abertzaleko militantzira, posta elektronikoz. Egun hartantxe, ordu batzuetara egin zuen Espainiako Poliziak operazioa, Baltasar Garzon epaileak aginduta, Bateragune izena emanda. Otegi, Rufi Etxeberria, Rafa Diez Usabiaga, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotu zituzten.
Polizia aurretik beste bi aldiz saiatu zen horretan, Otegik liburuan dioenez. "Hartu beharrekoa neurriak hartu genituelako geratu ziren helburua lortzeke".
Hura bera bezala, Diez eta Etxeberria LABen Donostiako egoitzan atzeman zituzten. Bion atxiloketekin harrituta geratu zen Otegi. Polizia operazioaren ardura izan zuen inspektoreak epaiketan aitortu zuen Diez eta Etxeberria ez zeudela "helburuen" artean —Oiz ere ez—; adibidez, zioen ez zutela eskatu Diezen telefonoaren entzuketak egiterik. "Ez zen operatiboaren parte, ez zegoen gure txostenean". Baina, barrura.
Etxeberria ere bai. "Erraz azal daiteke gertatutakoa: "Rafa Diez eta Rufi hantxe [LABen] aurkitu zituzten, eta biak atxilotzea erabaki zuten, hartara horrek ezker abertzalean estrategia aldaketa planteatzen genuen kontra gogorrago kolpatzea ahalbidetzen zuelako", dio Otegik.
Egun batzuetara aske utzi zuten Rufi Etxeberria, eta berak hartu zuen "eztabaida prozesuaren lema". "Atxiloketaren arratsalde-gau hartan bertan, LABen egoitzan geundela, Otegik adierazi zidan iruditzen zitzaiola nire atxiloketa zerbait behartua zela eta laster askatuko nindutela, eta orduan zehazki eskatu zidan eztabaida prozesu horren lema har nezan".
Eztabaidak segitu zuen ezker abertzalean, eta Bateragune-ko auzibideak ere bai Espainiako Justizian. Otegik esaten du epaiketako saioetan bere mezuak —"irmoak"— ez zituela Auzitegi Nazionaleko epaimahaiarentzat izan, baizik eta Euskal Herriarentzat eta nazioarteko komunitatearentzat, "gure apustuak atzerabueltarik ez zeukala inolako zalantzarik izan ez zezaten".
Auzitegi Nazionalak iazko irailean zigortu zituen Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta. Gorenak gero berretsi egin zuen epaia, zigorrak pixka bat jaitsi arren. Defentsa abokatuek joan den ekainean Konstituzionalera jo zuten; honen erabakiaren zain dira oraindik.
Bateragune auziak hiru urte bete ditu gaur, urriak 13. Eztabaidak eman zituen emaitza historikoak ezker abertzalean: bide politiko soilen aldeko apustua (Zutik Euskal Herria adierazpena 2010eko otsailean edota ETAk jarduera armatua betiko uzteko erabakiaren jakinarazpena 2011ko urriaren 20an). Bateratuta eman dute jauzia.
Era berean, hor dira nazioarteko komunitatearen inplikazioa (Aieteko Konferentzia 2011ko urrian, HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldea...), eta ezkerreko abertzaleen indar metaketa (Bildu —2011ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeak—, Amaiur —2011ko azaroko Espainiako bozak—, EH Bildu —datorren urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak—, edota ezkerreko subiranisten estrategia nazionalerako konpromisoa —2012ko apirila—). Haiekin batera ari da ezker abertzalea aro berrira jauzia egiten.
'Estrategia eraginkorra' deitzen diote Bateragune-ko zigortuek eta. Joseba Egibar jeltzaleak elkarrizketa batean esan berri du Otegik, "irabazi" aditza aipatzen duela eta, "epikan" jarraitzen duela. Kazetariak, berehala: "...eta kartzelan".
Espainiako Auzitegi Nazionalaren zigorrak (2011-09-16)
- Hamarna urteko kartzela zigorra Arnaldo Otegi eta Rafa Diezi, "erakunde terroristako buruzagi" izatea egotzita. Halaber, hamarna urteko inhabilitazioa.
- Zortzina urteko espetxe zigorra Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletari, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta. Era berean, zortzina urteko inhabilitazioa.
- Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnal absolbitu egin zituen epaimahaiak.
- Epaimahaiko hiru epaileek sinatu zuten epaia.
Espainiako Auzitegi Gorenaren zigorrak (2012-05-09)
- Sei urte eta erdira murriztu zien kartzela zigorra Otegi eta Diezi. ETAko kide jo zituen, ez zuzendaritzakide.
- Sei urtera jaitsi zien espetxe zigorra Jazinto, Rodriguez eta Zabaletari. Gorenak ere ETAko kide jo zituen.
- Epaimahaiko bost magistratuetatik hiruk sinatu zuten epaia. Absoluzioaren alde agertu zen magistratu bat, eta epaiketa berriro egitearen alde azaldu zen beste epaile bat.
Bideoa
Bateragune auziko operazioa izan eta bost egunera milaka lagunek manifestazioa egin zuten Donostian (2009-10-17), Askatasunaren alde. Eskubide guztiak guztiontzat lelopean, ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta. Orduko bideoa da (Berria TB):
[Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/687/[/Berriatb]