Batu Gaitezen aztertu nahi du EBBrekin ezker abertzaleak

Gipuzkoako EAJren Batu Gaitezen ekimeneko edukiei buruz eta elkarlanerako aukerez hitz egin nahi du ezker abertzaleak

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak «interesez» hartu du Gipuzkoako EAJk larunbatean aurkeztutako Batu Gaitezen ekimena, «erabakitzeko eskubidearen eta eskubide guztien errespetuaren inguruko indar metaketaren aldeko apustua egiten duelako». Hala, komunikabideei igorritako ohar batean, prest azaldu da EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarrarekin batera «ekimenaren edukien eta sor litezkeen elkarlanerako esparru posibleen inguruan aritzeko».

Batu Gaitezen ekimenaren sustatzaileen arabera, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko ezinbestekoa da giza eskubide guztiak errespetatzea, euskal gizartearen erabaki eskubidea bultzatzea eta ezker abertzalea legeztatzea. Era berean, Gipuzkoako EAJk dio PSE-EEren eta PPren «estrategia espainolistari» aurre egiteko beharrezkoa dela abertzaleen arteko elkarlana.

EAJren iturriak aipatuz, berri agentziak diote EAJren EBBk ez duela bere egin Gipuzkoako jeltzaleen ekimena. Batu Gaitezen agiriaz aritu nahi izanez gero, ezker abertzaleari eskatu dioteGBBrekin hitz egiteko. Aldiz, «bakea eta normalizazio politikoari buruz» aritu nahi badu, EBBrekin hitz egiteko eskatu diote.

EAJren EBBk ez du oraindikGipuzkoako jeltzaleen ekimenari buruzko adierazpen ofizialik egin, eta EBBren webgunean ez da ekimenari buruzko aipamenik egiten. Berri agentziek jasotakoaren arabera, EBBk Gipuzkoara mugatuko luke Batu Gaitezen ekimena. Baina agiriaren edukiei erreparatuz gero, Gipuzkoako jeltzaleek Gipuzkoatik bertatik haratago joan nahi dutela dirudi.

Hala, ekimenaren sustatzaileek gogor kritikatu dute PSE-EEk eta PPk Eusko Legebiltzarrean duten akordioa. «Euskal nortasuna desegin» eta garapen ekonomikoa eta soziala eragoztea leporatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta PSE-EEk eta PPk «estrategia» hori Euskal Herriko gainontzeko instituzioetara zabaldu nahi dutela ohartarazi dute.

Horri aurre egiteko, Gipuzkoako EAJk konpromisoa eskatu die bai alderdiko kideei, baita gainontzeko indar abertzaleei ere, besteak beste, euren arteko lankidetza euskal instituzioetara zabaltzeko. «Ezinbestekoa da euskal erakundeei babesa ematea eta Euskadiren interesen aldeko jarduera instituzionala berreskuratzea», dio agiriak. Hala, ekimenaren aurkezpenean, gogoan izan zituzten, besteak beste, Lizarra-Garaziko eta Ibarretxeren aroan eginiko akordioak.

Datorren urteko hauteskunde lehiarekin lotura handia duen arren, proposamenak bake eta normalizazio politikorako ekarpena izan nahi duela argi utzi zuen Joseba Egibar GBBko presidenteak aurkezpen ekitaldian. Euskal Herria aro politiko berri baten atarian dagoela esan zuen, eta bide horretan urratsak egiteko prest azaldu zen. Ezker abertzaleak abiatutako prozesu demokratikoa aintzat hartzeko eskatu zien bertan bildutakoei, eta Alderdien Legea baliogabetzeko eskatu zuen. «Bakerako ezinbestekoa da ETAk indarkeriari uko egitea. Baina, horrez gain, beharrezkoa da ongi hartzea bide demokratikoetan barna soilik ibiltzearen alde egiten duen proposamen politiko oro», nabarmendu zuen.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak ere eskatu du ezker abertzalea legeztatzeko. ETAk egindako urratsak nahikoak ez direla esan arren, aurrerapausoa direla eta balioa eman behar zaiela nabarmendu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Ezker abertzaleak komunikabideei igorritako oharrean dio «oso era positiboan» hartu dituela Olanoren hitzak.

EAJren EBBren jarrera, baina,beste bat da. Eszeptizismoz hartu ditu ETAren hitzak eta ezker abertzaleak orain arte egindako urratsak. Iñigo Urkullu EBBren presidentearen arabera, edozein prozesu abiatu aurretik, ezinbestekoa da ETAk jarduera mota guztiak amaitzea. Jarrera horretan bat egiten du EBBk Espainiako Gobernuarekin.

EBBren bide orria

Irailaren 25ean, Alderdi Egunaren karietara, Ados proposamena aurkeztu zuen buruzagi jeltzaleak, eta argi utzi zuen hori dela bake eta normalizazio politikorako bidean EAJk jarraituko duen bide orria. Proposamen hori aurkeztu eta astebetera Gipuzkoako EAJk Batu Gaitezen ekimena aurkeztu zuen.

Ados proposamenaren arabera, ETAk behin betiko indarkeria mota guztiak uzten baditu, «aniztasunean, errespetuan eta akordioan» oinarritutako elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat babestuko luke EAJk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.