Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2013rako aurrekontuak eta haiei egindako zuzenketa batzuk aurrera atera dira gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Bilduren aldeko botoarekin eta EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin. PPk bakarrik bozkatu du aurka, eta Rebeka Ubera Aralarreko batzarkide bakarrak ez du bozkatu, Gasteizen legebiltzarkide izendatu ondoren haren ordezkoak ez duelako oraindik batzarkide akta hartu.
Joan den astean Bilduk eta PSE-EEk egindako akordioaren ostean, sozialistek abstenitzea erabaki dute gaurko bozketan. Egungo egoera ekonomikoaren aurrean “erantzukizunez” jokatu dutela adierazi du Rafaela Romero bozeramaileak, eta PSE-EEk eginiko “ekarpenek” aurrekontuak “hobetu” dituztela esan du. Bi alderdiek eginiko akordioa “aldaketa kuantitatibo eta kualitatiboa” dela nabarmendu du, eta “leialtasuna” eskaini du akordioa betetzeko eta bi aldeek erakutsi duten konpromisoa hauts ez dadin.
Bildurentzat ere “aberasgarria” izan da akordioa, eta koalizio subiranistaren “gobernatzeko era” erakusten duela nabarmendu du. “Egungo egoera larrira” egokitutako aurrekontu “aurrerakoiak” direla adierazi du Idoia Ormazabal bozeramaileak, eta salatu EAJ akordioa “baldintzatzen” saiatu dela.
Martin Garitano ahaldun nagusiak, berriz, esan du “egun pozgarria” dela. Bilduk eta PSE-EEk eginiko akordioak aurrekontuak “aberastu” dituela esan du, bereziki enplegu eta sustapen alorrean. Ahaldun nagusiak eskertu egin du Aralar eta PSE-EEren jarrera, akordioak egiteko nahia agertu dutelako. Hori lortzeko “lan asko” egin behar izan dela adierazi du, eta nabarmendu du ez dutela inposiziorik onartu.
EAJk, berriz, azpimarratu du Bilduren aldeko botoarekin “bakarrik” onartu direla aurrekontuak. Bozketan abstenituta, alderdi jeltzaleak “koherentziaz” jokatu duela esan du Markel Olanok, euren helburua delako instituzio guztietako aurrekontuak aurrera ateratzea. Beste alderdiei eskatu die “ardura bera” erakusteko. Abstentzioa azaltzeko orduan, Olanok esan du EAJrentzat “hiru hutsune nabarmen” dituztela aurrekontuek: krisialdi ekonomikoari aurre egiteko estrategiarik ez izatea leporatu dio foru gobernuari; gizarte politiketarako diru sailak “murriztea”, eta “iruzur egitea” hondakinen kudeaketen alorrean.
Bilduk eta PSE-EEk bederatzi zatikako zuzenketa adostu zituzten joan den astean.10 milioi euroren inbertsioak aurreikusi dituzte, bereziki, ekonomia eta enplegua sustatzeko neurrietarako (7,6 milioi euro). Horrekin batera, azpiegitura batzuentzako diru sailak adostu dituzte (ia 3 milioi euro); bereziki, sozialistek agintzen duten udalerrietarako.
Akordioan, bi aldeek askatasuna eman diote elkarri hondakinen arloan nahi duten botoa emateko. Izan ere, Gipuzkoako hondakinen kudeaketa planeko azpiegiturak egiteko —Zubietako errauste planta barne— hamazazpi milioi euro erabiltzea proposatu dute EAJk eta PPk zatikako zuzenketa batean, eta PSE-EEk babestu egin du zuzenketa hori —Bilduk eta PSE-EEk salatu zuten zuzenketa horren bitartez EAJ saiatu egin zela euren arteko arteko akordioa "oztopatzen"—.
Eragina beste instituzioetan
Hein handi batean, azken urtean gai ekonomikoetan eta, bereziki, zerga politikaren alorrean bi alderdien artean egon den bat egitearen emaitza da akordioa. Orain, ikusteko dago Gipuzkoan eginiko akordioak zer eragin izango duen beste instituzioetako negoziazioetan. Oraingoz, PSE-EEk, Bilduk bezala, osoko zuzenketa sartu du EAJk Bizkaian aurkeztu dituen aurrekontuen aurka —bihar bozkatu behar zituzten osoko zuzenketak, baina bilkura atzeratu dute—. Hala ere, Bilduk eta PSE-EEk ez dute gehiengoa batzar nagusietan, eta, beraz, EAJrentzat nahikoa litzateke PPren abstentzioa.
Araban, berriz, PPren aurrekontuak atzera bota zituzten joan den astean, Bildu eta PSE-EEren aurkako botoarekin eta EAJren abstentzio erabakigarriarekin. EAJk Araban hartutako erabaki horrek baldintza dezake Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak onartzeko PPren aldetik jaso zezakeen babesa, PSE-EEk Bizkaian aurkeztutako osoko zuzenketak bezala. Hala ere, bi alderdiak prest agertu dira Urkulluren gobernuarekin negoziatzeko.