Bilduk, Aralarrek eta PPk bozkatu dute ikerketa batzordea osatzearen alde; abstentziora jo du PSEk, eta kontra bozkatu du EAJk. "Diru publikoaren erabilera okerra egin den, horretarako agiririk faltsutu den eta ikertutako jardueretan erantzukizun politikorik egon den" ikertzeko proposatu dute batzordea osatzea.
Diputazioak auzitara jo zuen iazko azaroan, AP-1 errepideko zati bateko lanak ordaindu bai baina egin ez zirelako. Tramiterako onartu zuen salaketa Azpeitiko Epaitegiak.
Bilduk ikerketa batzorde bat eratzeko eskatu du, bertan azalpenak eman ditzaten Bidegiko topografo, idazkari, aholkulari tekniko eta juristek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Errepide zuzendariaz eta Bide Azpiegituretako diputatuaz gain.
"Susmoak elikatzea" egotzi dio EAJk diputazioari
EAJk uste du Bilduk "hauteskunde bezperara susmoak elikatuz" heltzeko beharra duela, eta Bidegiren funtzionamendua zalantzan jartzeko "saio obsesiboa" izatea egotzi dio Larraitz Ugarteri. EAJk nabarmendu du teknikariek oraindik ez dutela epailearen aurrean deklaratu, baina hala ere Bilduk ikerketa batzorde bat osatu nahi duela "bere akusazio politikoaren tesia EAJren aurka botatzeko".
EAJren iritziz, Batzar Nagusietako batzordea ikerketaren "ordezko" bat izango da, ez dagoelako nahikoa denborarik "gutxieneko zorroztasunarekin" lan egin dezan: "Jabetzen dira geratzen den denbora urriaren eraginez batzordea ezingo dela ondorio sendoetara heldu".