poliTIKA

Batzarre ez da 2011ko bozetatik aurrera NaBain izango, militanteek hala erabakita

%75ek "Aralar, EA eta EAJk adostutako NaBai" ez onartzea erabaki dute, bozketa bidez. Nafarroako EBrekin hitzarmena lotzen saiatuko da zuzendaritza.

2010eko azaroaren 6a
18:46
Entzun
Batzarre ez da 2011ko maiatzeko hauteskundeetatik aurrera Nafarroa Bai koalizioan izango, horrela erabaki duelako bere militanteen gehiengoak. Hain zuzen, "Aralar, EA eta EAJk adostutako NaBai" ez onartzea erabaki dute Batzarreko 276 militantek; botoa eman dutenen artean %75ek, hain zuzen.

Aralar, EA eta EAJren eskaintzaren alde agertu dira %20 (74 boto). Boto baliogabeak eta txuriak %5 izan dira (17).

Atzo eta gaur egin dute bozketa Iruñeko, Tuterako, Lizarrako, Berriozarko, Barañaingo, Irunberriko eta Antsoaingo egoitzetan, Batzarreko zuzendaritzak antolatuta, eta %71ekoa izan da parte-hartzea. 510 militante zeuden deituta. "Heldutasun demokratikoaren isla izan da bozketa", dio Batzarrek.

Orain zuzendaritza Nafarroako Ezker Batuarekin datorren urteko bozetarako ituna egiten saiatuko da, gaur prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez. "Ituna politikoaz" gain, "antolaketakoa" ere nahi du. EBk esan du "azkar" lortu nahi duela akordioa.

Azkeneko hilabeteetan ere jardun du EBrekin hizketan Batzarrek. Izan ere, honen ustez, 2011ko hauteskundeetan Batzarre "koaliziotik baztertzea" bilatzen zuen Aralarrek EArekin eta EAJrekin hitzartu dituen akordioekin. Hitzarmen horiek NaBairen erabakiguneetatik at hartu izana kritikatzeaz gain, edukiak "onartezinak" direla deritzo Batzarrek. Honek uste du Aralarrek, EAk eta EAJk "programa komunetik haragoko ekimenak inposatu" egin zitzaketela. "Gure ikuspuntua askatasunez defenditzeari eta gure autonomiari uko egingo genioke".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.