Ezetz erran dute. Batzarreko afiliatuek ez dute Nafarroa Bairen barruan jarraitu nahi, eta erabaki dute koaliziotik at parte hartuko dutela datorren urteko hauteskundeetan. Bozketa egin dute, eta emaitza argia izan da: afiliatuen %75ek erabaki dute Aralarrek, EAk eta EAJk adostutako NaBairekin bat ez egitea (276 boto). Afiliatuen %20k, berriz, baiezko erantzuna eman dute (74 boto); bozen % 5 (17), azkenik, baliogabe edo zuri izan dira. 367 lagunek parte hartu dute Batzarrek antolatutako bozketan, denera, hau da, afiliatuen %71. Abstentzioa, beraz, %29koa izan da.
Afiliatuen artean egindako kontsultak «heldutasun demokratikoa» islatzen duela azpimarratu du Batzarrek, kontsulta egin ondoren igorritako prentsa ohar baten bidez, eta ezagutarazi du, halaber, ezezko emaitza jaso eta gero, «adostutako plana» jarriko duela martxan koordinakundeak.
Plan horrek bi urrats nagusi ditu: batetik, Batzarreren asmoa da aurrera egitea Nafarroako Ezker Batuarekin akordio politikoa lortzeko, 2011 urteko Nafarroako hauteskundeetara begira. Bertzetik, koordinakundeak eztabaida prozesua jarriko du abian Batzarre dagoen herri bakoitzean, IUN-NBErekin egin nahi den hitzarmenari buruz, batetik, bai eta hauteskundeetarako mahai gainean jar daitezkeen gainontzeko aukerei buruz ere, bertzetik.
Alde horretatik, Batzarrek bere prentsa oharrean gaineratu du kontsultan jasotako emaitzei buruzko balorazioa eginen duela laster, eta data zehaztuko duela aurkeztuko diren proposamen edo aukera guztien artean bat aukeratzeko bozketa egin ahal izateko.
Bozketaren emaitza ez da ezustekoa izan. Urriaren 14an bilera egin zuen koordinakundeak. 70 pertsonak bat egin zuten. Biharamunean eman zuen Batzarrek hitz egindakoaren berri, eta nahiko kritiko azaldu ziren koordinakundeko arduradunak. Batzarre NaBaitik at urratsak egiteko prest zela iragarri zuten. Batzarreren ikuspuntutik, EArekin eta EAJrekin lortu duen akordioaren bitartez, Batzarre «koaliziotik baztertzea» bilatu du Aralarrek.
EA eta Aralar «penatuta»
EA eta Aralar penatuta azaldu dira Batzarrek NaBai uzteko erabakia hartu duelako, nahiz eta ez diren harritu. Erabakiak koalizioaren funtzionamendua «desitxuratuko» duela uste du EAk, eta eragina izanen duela Madrilen eta Nafarroan. Aralarren irudiko berriz, Batzarre kanpora geratzeak ez du ekarriko NaBaik babesa galtzerik.
Batzarrek ez du NaBain jarraituko, afiliatuen %75ek hala erabakita
Koordinakundeak erran du Nafarroako Ezker Batuarekin akordioa lortzeko urratsak eginen dituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu