Erakundeek martxan jarri behar dituzte biktimen oroimen kolektiboari eusteko politikak; horrela dio Eusko Legebiltzarrak 2008an onartutako Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Emateko Legeak. Eta, hain justu ere, artikulu horretan oinarrituta, biktimen memoriaberreskuratu eta haren alde lan egiteko urratsa egin nahi du orain Eusko Jaurlaritzak, memoriaren zentro bat eraikita.
Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak proposatu berri du memoriaren zentro bat sortzea. Administrazioko, ETAren biktimen elkarteetako eta zenbait bake elkartetako ordezkariek osatzen dute kontseilu hori. Proiektuari buruzko xehetasunak aurki jakingo dira,kontseiluko kideek ekimenari buruzko argibideak emateko asmoa baitute Eusko Legebiltzarrean. Memoriaren zentroak «ahalik eta kontsentsu politiko zabalena» izatea nahi dute, eta, horretarako, legebiltzar taldeen adostasuna lortzen saiatuko dira.
Jose Luis de la Cuesta kontseiluko presidenteak aurreratu du «terrorismoaren biktimen» memoriarekin loturiko programak eta estrategiak garatuko lituzkeela zentro horrek. Kataluniako Memorial Democratic erakundea erreferente moduan hartuko dutela jakinarazi du De la Cuestak, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegokoak helburu berberak ez izan. 1931 eta 1980 artean izandako errepresioaren biktima guztien «memoria demokratikoa» berreskuratzea du xede Kataluniako zentroak. EAEn sortu nahi duten instituzioak, ordea, ETAk, GALek eta eskuin muturreko taldeek eragindako biktimak baino ez lituzke aintzat hartuko —frankismoaren eta estatu indarkeriaren biktimak kanpoan utzita—, eta haien memoria berreskuratu ez ezik, indarkeriaren deslegitimazioa bilatuko luke.
De la Cuestak egitasmoaren berri eman zuenean, azpimarratu zuen memoriaren zentroarekin bi helburu lortu nahi dituztela: batetik, oroimenaren bidez biktimak biktima ez ezik «herritarrak» ere badirela agerian uztea, eta, bestetik, biolentzia helburu politikoak lortzeko tresna gisa erabili nahi dutenei «zilegitasuna» behin betiko kentzea.
Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Emateko Legea landu zenean, ETAren biktimen elkarteek ezinbestekotzat jo zuten «memoria kolektiboa» lortzeko bidean memoriaren zentro bat eraikitzea. Zentro horren helburua biktimen oroimenari eta haien «esanahi politikoari» eustea izan beharko lukeela adierazi zuten euren ekarpenetan.
ETAren biktimen ekarpen horiek, hein handi batean, jasota geratu ziren 2008ko legean. Memoriak «gizartearen eta terrorismoaren biktimen topaleku» izan behar duela dio lege horrek, etabiktimek pairatutako bidegabekerien eta sufrimenduen memoria aitortu beharra dagoela dio, «erailak, bahituak, estortsionatuak eta mehatxatuak» izan direnen kasuakaipatuz. Memoriaren zentro bat sortzeko beharra ez du esplizituki aipatzen lege horrek, baina bai erakundeek oroimen kolektiboa sustatzeko neurriak hartu behar dituztela. Memoriarako eskubideari aipamen egiten dion legearen 8. artikuluak honela dio, hitzez hitz: «Euskal botere publikoek bakean eta askatasunean oinarritutako elkarbizitza lortzen eta biolentzia erabat eta errotik deslegitimatzen lagunduko duen memoria kolektiboa finka dadin sustatuko dute».
Mundu mailako ereduak
Euskal Herrian, bakearen aldeko elkarte eta erakunde ugari dago, baina ez biktimen memoriaren alde espresuki lan egiten duen erakunde ofizialik. Gernika Gogoratuz Bakearen Aldeko Ikerketa Zentroak, esaterako, bakearen eraikuntzaren eremuan lan egiten du, eta noiz edo noiz ikastaroak antolatzen ditu memoriak eta memoriaren ekarpenek bakea eraikitzeko orduan duten garrantzia aztertzeko.
Europan, bereziki 1945az geroztik sortu dira biktimen oroimenaren aldeko zentroak: Alemanian, Austrian, Belgikan, Frantzian, Herbehereetan, Hungarian, Polonian... Europatik kanpo ere memoriaren eta egiaren aldeko zentro ugari dago: Argentinako Memoriaren Artxibo Nazionala eta Holokaustoaren oroimenerako Jerusalemen dagoen Yad Vashem museoa, besteak beste.
Espainiako Estatuan, berriz, Kataluniako Memorial Democratic da errepresioaren biktimen oroimenaren alde martxan dagoen gobernu erakunde bakarra. Badira memoria historikoaren berreskurapenaren alde lanean ari diren foro, elkarte eta behatokiak, baina ez dute funtzio bera betetzen. Esaterako, Salamancako Oroimen Historikoko Agirien Zentroak dokumentazioa biltzeko lanak egiten ditu, beste ezer baino gehiago.
Lau Haizetara Gogoan, kritiko
Memoria historikoaren inguruan lanean dabiltzan hogei elkarte eta 300 aditu biltzen ditu Lau Haizetara Gogoan plataformak, eta irmoa da Euskal Herrian memoriaren zentroa eraikitzeko aukeraren inguruan: «Aurrena, egia, justizia eta erreparazioa eman behar zaie 1936ko altxamendu militarraren, erregimen frankistaren eta estatu indarkeriaren biktimei, eta kate hori osatuta dagoenean hasiko gara memoriaren zentroaz hitz egiten».
Eusko Jaurlaritzak biktimen auzian daraman politikarekin kritikoa da oso Gotzon Garmendia Lau Haizetara Gogoan elkarteko kidea. Onartezin iritzi dio gobernuak biktima batzuen eta besteen arteko mailaketa egiteari. Memoriaren zentroak ETAk, GALek eta eskuin muturreko taldeek eragindako biktimak soilik aintzat hartzea horren adibide da, haren ustez.
Estatu terrorismoak eragindako biktimak kanpoan uzten dituen zentro batek «zigorgabetasunari» babesa ematea litzatekeela uste du Garmendiak. Hortaz, Euskal Herrian dauden sufrimendu guztiak bere barnean hartu beharko lituzke halako zentro batek, haren iritziz. Baina horrela egiten ez bada, biktimen arteko bereizketan sakondu ez ezik, gizartean ere zatiketa areagotu egingo dela dio. «Oraindik sendatu gabeko zauri asko irekita daude herri honetan», erantsi du.
Memoria historikoa berreskuratzeko behar diren politika publikoek «ikuspegi integral eta koherentea» behar dutela azpimarratu du Garmendiak, eta horretarako instituzioek egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak ezarri beharko lituzketela dio.
Hori guztia kudeatzeko, elkarteak Euskal Herriko Egiaren Batzordea sortzea proposatu die erakundeei. Batzorde horren bitartez, biktimen memoriarekin loturiko agiriak bildu eta prozesu judizialak abian jartzeko arrastoak lortuko lirateke, eta ondoren biktimen erreparazioari loturiko proposamenak lantzen hasiko lirateke. «Euskal Herrian halako batzorde bat martxan jartzeko gehiengo soziopolitiko bat badago, eta gehiengo horrek Eusko Legebiltzarrean isla baldin badu, posible izango da egitasmoa gauzatzea», azpimarratu du.
Biktimen memoria
Batzuen zauriak sendatzeko
EAEn memoriaren zentro bat sortzea proposatu du Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak. ETAren, GALen eta eskuin muturraren biktimak baino ez lituzke aintzat hartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu