«Osasun arloan egin nahi dugun erreformaren xedea arreta hobetzea da». Nafarroako Osasun kontseilari Marta Verak hala esan du foru gobernuak Osasunbidean egin asmo dituen aldaketak. Kontrakoa uste dute, ordea, sindikatuek eta herri txikietako osasun zerbitzuen erabiltzaileek, adibidez. Zerbitzuaren kalitatea txartu egingo egingo dela salatu dute, eta langileen lan baldintzak okertuko. Nafarroako Gobernuak duen asmoa sistema pribatizatzea dela esan dute sindikatuek, osasun sistema publikoa desegitea.
Veraren arabera, erreforma «ezinbestekoa» da. «Gainontzean, arriskuan egongo lirateke sistemaren kalitatea eta iraunkortasuna». Egungo eredua «zaharkituta» dagoela nabarmendu du. «Jendea gero eta urte gehiago bizi da, gaixo kronikoak ugaritu egin dira eta tratamendu berriak daude martxan. Horrek guztiak eskaria handitu du». Etorkizuneko osasun sistemak egungoa baino «arinagoa eta eskuragarriagoa» izan behar duela iritzi dio: «Gaixoak erantzunkidetasun handiagoz jokatzea sustatu behar da, eta gaixo kronikoak eta akutuak bereizi behar ditugu».
Sindikatuek ere aitortu dute egoera aldatu dela, baina proposatu dituzten berrikuntzak oso bestelakoak dira. «Ez dugu ahaztu behar Marta Vera Nafarroako Merkataritza Ganberatik datorrela. Bultzatu nahi dituen erreformek duten xede bakarra sistema pribatizatzea da. Azken batean, enpresa pribatuek negoziorako beste aukera bat izatea Osasunbidean», azaldu du LABeko David Mendazak. Gainera, azalpenak emateko kontseilariak aukeratu duen modua kritikatu du. «Bakarka deitu digu eragileei. Guretzat, hori ez da modua. Azalpenak negoziazio mahai batean eman beharko lituzke: mahai sektorialean. Erreformak egin behar badira, hor adostu behar dira. Horregatik, uko egin diogu Osasunbideko arduradunekin biltzeari».
Goizuetako alkate Pablo Miranda ere kezkatuta dago, Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiek herriko osasun arretan izan ditzaketen ondorioengatik. «Bai osasunean eta baita hezkuntzan ere zerbitzuak bateratzen ari dira. Halako neurriek herri txikiei egiten diete kalte. Zerbitzuak herri handietan bildu nahi dituzte, eta herri txikiak hustu. Udalak bateratzeko duten asmoarekin ere hori nahi dute».
Arreta maila guztietan iragarri ditu berrikuntzak Verak. Baina batez ere lehen mailakoei eragingo diete, Mendazak zehaztu duenez. Landa guneetako larrialdi zerbitzuaren «erreforma» da eztabaida gehien eragin duena. 2008an jarri zuten martxan zerbitzu hori, ohiko orduetatik kanpo landa eremuko herriek larrialdi zerbitzua izateko. 47 gune daude Nafarroa osoan. Gobernuak lan eskaintza publiko bat egin zuen, zerbitzu horretarako medikuak eta erizainak kontratatzeko. 126 osagile eta beste horrenbeste erizain ari dira horietan lanean.
Arratsaldeko hiruretatik goizeko zortziak arte lan egin dute aste barruan, eta egun osoz asteburu eta jaiegunetan. Foru gobernua aztertzen ari den aukeretako bat da arreta guneetako batzuk biltzea eta beste batzuk ixtea. Guardiak aurrez aurrekoak izan beharrean, erizainak eta medikuak aurkitzeko moduan egotea ere ez du baztertzen. Etengabeko arreta guneak indartzeko, analisiak eta plakak egiteko puntuak jartzea ere aztertzen ari da, landa eremuetako larrialdi zerbitzuak itxiz gero. Vera: «Landa eremuko larrialdi zerbitzuko guneekin bi arazo ditugu: batetik, guneetako batzuk aurreikusi baino gutxiago erabiltzen dira; eta, bestetik, erabiltzaile askok ez dakite larrialdi zerbitzuak egoki erabiltzen. Hori kontuan hartuta, funtsezkoa da aldaketa bat. Oraindik, ordea, ez dugu zehaztu nola egingo dugun». Zerbitzu horretako langileen etorkizuna izan du gogoan Mendazak. «Langile finkoak izanik, uste dugu lehen harretako osasun etxeetan jarriko dituztela, eta horrela ez dute jende gehiago kontratatu beharko. Behin-behineko kontratuak dituztenek zailago izango lukete lan egitea».
Ixteko arriskuan dagoen guneetako bat Etxarri Aranazkoa da. Hala balitz, inguru horretako herritarrek Altsasura joan behako luketela azaldu du Joxi Bakaikoa alkateak. «Irurtzunen ere bada bat, baina hura gainezka dago». Udala kezkatuta dago horrekin. «Altsasura joan behar izateak arriskuan jarriko luke gaixoen bizia, kasurik larrienetan. Hori frogatua dugu. Gauero larriak diren bi kasu daude Etxarriko gunean». Horrenbestez, zerbitzua ixtearen aurka daude. «Nafarroako Gobernuaren aldetik Sakanako eskualdea jasaten ari den utzikeriaren edo bazterkeriaren beste adibide bat da, eta ez gaude bidegabekeria hori onartzeko prest. Murrizketak, egitekotan, orekaz egin behar dira. Baina ez dituzte horrela egiten. Ziur gaude Iruñetik behera ez dituztela halakoak egingo». Herritarrek informaziorik jaso ez izana ere gaitzetsi du. «Asko eta asko harrituta eta kezkatuta etorri zaizkit. Gure aldetik, informazioa jaso ahala, ditugun komunikazio tresna guztiak erabiliko ditugu, herritarrei egoera zertan den azaltzeko».
Goizuetak halako egoera bat izan zuen orain dela hiru urte. Nafarroako Gobernuak larrialdietako medikua kendu zuen herri horretan. Hilabete luzez egon ziren medikurik gabe, eta bitarte horretan bi pertsona hil ziren zerbitzu horren faltagatik. «Sinadurak bildu, eta, herritarrek egindako presioari esker, berriro jarri zuten medikua. Baina beldur gara murrizketekin ez ote duten berriro halako beste neurriren bat hartuko. Udalak ahalegin guztiak egingo ditu hala ez izateko», nabarmendu du Mirandak. Azken hilabeteetan, adibidez, Donostiako Ospitalean ez diete kasu egin bi herritarri. «Azkenean, konpondu da, baina herriko medikuari esan diogu halako beste kasu bat baldin badago esateko. Gure esku dagoen guztia egingo dugu bideratzeko. Eskualde mailan egingo dugu indarra».
Herrian, oraingoz, ez du kezkarik ikusten. «Dena den, ezjakintasuna handia da. Gobernuaren aldetik ez dugu inolako informaziorik jaso. Baina sentiberatasun handia dago gaiaren inguruan hildako bizilagunen kasuen ondoren».
Mirandak Goizuetako parkeko suhiltzaileek egiten duten ahalegina nabarmendu du. «Ahalegin handia egiten dute. Adibidez, lehen arreta emateko ikastaro bat egiten ari dira, medikalizatutako anbulantzia erabili ahal izateko. Borondatez egiten dute. Azken batean, erakundeen laguntza faltagatik dauden hutsune asko horri esker betetzen dira».
Arratsaldez ere zabalik
Verak argi du. «Lehen arretari eman nahi diogu indarra, larrialdietako zerbitzuak arintzeko. Izan ere, zerbitzu horietan artatzen dituzten kasu asko ez dira larriak. Horrekin, arreta jarraitua izatea bermatuko litzateke». Hori lortze aldera, osasun etxeak iluntzeko zortziak arte irekitzea aztertzen ari dira. Horri lotuta, arratsaldez ere pediatria zerbitzua emango litzateke osasun etxeetan. Baina, kasu horretan, hainbat herritako zerbitzuak batuz egingo lukete. Arratsaldez ebakuntzak egiten hastea ere nahi dute. «Hori guztia egungo langileen lan karga handituz egingo dute. Ez dugu borondaterik ikusten jende gehiago kontratatzeko, edo beste lan eskaintza publiko batera deitzeko», esan du Mendazak. Neurriak lehen arretari kalte egingo diola uste du. «Horrek espezialisten gastua handitzea ekarriko du».
Erizainei gaur egun baino zeregin gehiago ematearen aurka dago Mendaza. Batez ere gaixo kronikoen arretara egongo lirateke bideratuta erizainen zeregin berriak. Pediatrian aspalditik ari dira hori aztertzen. Hala, besteak beste, noizean behin haurrei egiten zaizkien osasun azterketak haiek egitea nahi dute osasun agintariek. «Profesional bakoitzak bere zereginak ditu, eta dagokion esparruan jardun behar du».
Erreformak beste modu batera egitearen alde daude hirurak. «Azken urteetan dirua ez dute ondo kudeatu. Behar ez den gauzetan inbertitu dute. Erietxe gehienetan obrak egin dituzte, eta azpiegitura berriak eraiki. Baina ez dute inbertsiorik egin giza baliabideetan, eta ezta baliabide teknikoetan ere».
Lantaldean eta baliabide teknikoetan inbertsioak egitera deitu dute Bakaikoak eta Mirandak. «Horrek bermatuko du zerbitzua hobea izatea».
Osasuna. Nafarroako Gobernuaren asmoak Osasunbidean
Batzuentzat erreforma, besteentzat «desegitea»
Nafarroako Gobernuak aldaketak egin nahi ditu Osasunbidean, «arreta hobetzeko». Landa eremuetako larrialdietako guneak batzeko eta kentzeko aukerak aztertzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu