Baxoa

Baxoa eta lizeoa moldatzeko erreforma baieztatu du Frantziako Gobernuak

Lau azterketa, hiru idatziz, eta ahozko "handi bat" izango dira baxoaren osaketa berria. Notaren %40 osatuko dute, eta beste %60 kontrol jarraituarekin egingo da. Lizeoko sail literarioa, ekonomia-soziala, eta zientzifikoa desagertuko dira.

Bernat Etxepare lizeoko ikasleak, lizeoaren atarian. Artxiboko irudia. ISABELLE MIQUELESTORENA
Eneko Etxegarai Urain.
2018ko otsailaren 14a
16:09
Entzun

Jean Michel Blanquier Frantziako hezkuntz ministroak baieztatu du orain arte hipotetikoa zena: baxoa errotik moldatuko du, baita lizeoa bera. Terminaleko urte bukaerako diplomak idatzizko hiru azterketa izango ditu, eta ahozko "haundi bat". Idatzizko bi azterketa pazkoko oporretatik landa igaroko dira, ikasleak lizeoaren formatu berrian aukeratuko dituen "bi gai espezializatuen" inguruan. Ekainean filosofiako idatzizko froga izanen da, berria den 20 minutuko ahozkoarekin batera. Lehen zein terminalean prestatuko duten ahozkoa, ikasgai espezializatu batean oinarritu beharko da. Azterketak hauek notaren %40 ordezkatuko dute, beste %60a (honen %10 eskolako agiriaren azterketa) kontrol jarraituan oinarrituko delarik.

Baxoaren moldaketarekin batera lizeoaren antolaketan ere aldaketak ekarriko ditu erreformak, hala nola, adar zientifiko, literario eta ekonomiko-soziala desagertuko dira. Horren ordez lizeo modularra sortu nahi du gobernuak. Hamasei orduko ikasgai amankomunak izango dituzte ikasle guziek. Lehenean, hamaika ikasgaien artean, bi espezializazio aukeratu beharko dituzte ikasleek, astean lau orduz izango dituztenak. Terminalean aldiz, astean sei ordukoa izanen da ikasgai hauei dedikatuko dieten denbora. Honakoak dira ikasgai espezializatuak: artea, ekologia agronomia eta lurraldeak, historia geografia geopolitika eta zientzia politikoak, gizadia literatura eta filosofia, hizkuntzak eta atzerriko literarura, matematikak, numerikoa eta zientzia informatikoak, biologia, ingenieritza, ekonomia-soziala, eta fisika-kimika. Erreformak ez du bigarrenerako moldaketarik aurreikusten, Mathiot txostenak gomendatzen zuen gisan.

Moldaketak indarrean jartzeko 2021rako jarri dute epea. Mathiot txostenak aholkatzen zituen aldaketa nagusiak bere egin ditu Martxaneko gobernuak, eta baxoa zein lizeoko sailen antolaketa moldatuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.