Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute Seaskako ikasleek

Azken hogei urteetan Seaskan hazitako ikasleek, eskariarekinbat egin, eta dei egin dute Deiadar manifestaziora

Seaskako hamarnaka ikasle bildu ziren, aurten baxoa eginen duten ikasleen sostenguz. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Azken hogei urteetan Seaskan ikasi duten belaunaldiek bat egin zuten atzo Baionan, baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Seaskako ikasleek 1992an pasatu zuten lehen aldiz baxoa, eta, geroztik, Historia eta Geografiako azterketa bakarrik egin dezakete euskaraz baxoan. Ikasketa prozesu osoa euskaraz egin arren, ehunka ikaslek frantses hutsez egin behar izan dute proba. Eskubide urraketa bidegabetzat jo dute ikasleek, eta agintari publikoei eskatu diete hitzak utzi eta ekiteko.

1992an baxoa egin zuten ikasleak hantxe egon ziren atzo Baionan, aurten baxoa egin beharko duten ikasleen sostenguz. Seaskako Etxepare lizeoko ikasleek izenpetze bilketa bat ezarri dute abian. Agintariek onartu nahi ez badute ere, ikasleek nabarmendu dute eskubidea dutela azterketa garrantzitsu hori euskaraz egiteko, hizkuntza horretan egin dutelako ikasketa osoa. Mobilizaziora dei egin diete euskalgintzako eragileei.

Xan Aire Seaskako euskara arduradunak eta Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak gogorarazi dute duela lau urte EEP Euskararen Erakunde Publikoaren barruan Akademia Ikuskaritzak eta Errektoretzak aho batez onartu zutela euskararen eta euskarazko hezkuntza egituratze kualitatiboaren bidea, eta azterketarako neurri egokiak hartzera aholkatu zuten, baita euskaraz egin ahal izateko ateak ireki ere. Dena den, geroztik ez da aitzinamendurik egin, eta euskaraz ikasten duten ikasleek bigarren edo hirugarren hizkuntza gisa dute euskara, mailaketa horrek euskararen balioa apaltzen duelarik baxoan.

«Ez dezatela erran arauek ez dutela baimentzen; hor daude hezkuntza kodearen 121-3 eta D334 artikuluak», ohartarazi dute. Nabarmendu dute arazo teknikoak aitzakia baino ez direla, eta gogorarazi EEPk zerrenda bat osatu duela, euskarazko azterketak zuzentzeko gaitasuna daukaten irakasleena. Salatu dute Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez diola baliorik ematen euskaraz ikasteari. Gaineratu dutenez, Frantziaren borondate politikoan dago baxoa euskaraz ez egiteko arrazoi nagusia.

Frantziako Hezkuntzak orain arteko trabak indarrean atxikitzen baditu Seaskak horren kontrako neurriak indartuko dituela jakinarazi dute. EEPren aholku batzordeak adierazi duenez, Seaska prest dago baxoa trabatzeko. «Seaskatik aterako dira biharko sendagileak, arkitektoak eta irakasleak, eta errespetua merezi dute».

Protesta Baionan

Seaskako ikasle ohien izenean, martxoaren 31n Baionan egingo den Deiadar manifestazioan parte hartzera deitu dute Arantxa Hirigoienek eta Gorka Torrek. Euskararen aldeko hitz ederrak gainditu, eta euskarari zor zaion lege geriza aitortzeko eskatu dute. «Euskaldun eta euskaltzale oro deitzen dugu Deiadar manifestaziora, ofizialtasunaren alde eta baxoa euskaraz egiteko eskubidearen alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.