Harrak jaten dio barruaama hil ziotenetik ikusi dituen bereizketak kontatzerakoan. Haserretu egiten da Inazio Murgiondo (Arrasate, 1950), eta ezin du bizitako «injustizia» jasan. Ez da aitortu gabeko biktima. Guardia Zibilak botatako tiro batek hil zuen Emilia Larrearen semea da, eta Larrea biktimatzat izan du beti Espainiako Gobernuak. Covite elkarteak berak, «terrorismoaren biktimen zerrendan» jasoa du. Baina, «bagara biktima edo ez gara?», dio sututa. ETAk eragindako biktimek zein beste talde batzuek eragindakoek jaso dituzten kalte-ordainik ez du jaso Larrearen familiak.
1978ko azaroaren 15ean hil zuen Guardia Zibilak Larrea. Tiro bat sartu zion lepoan, gertaera nahasien segida baten ondoren. Ez zen apropos bilatutako heriotza izan, baina bai guardia zibilen gehiegikerien ondorio.
Arratsaldea zen. Guardia Zibilak Aretxabaletan zuen koartelaren aurrera auto bat gerturatu, eta bertan zihoazenek, «Komando Antikapitalistakoak edo», koartelaren eraikina tirokatu zuten. Ez zegoen inor aurrealde hartan, eta ez zen zauriturik izan. «Mehatxu edo abisu modukoa izan zen», dio Murgiondok baserriko sukaldean egun beltz hari buruzko txostenez inguratuta. Baina bere jarrera bortitzagatik oso ezaguna zen guardia zibil bat inguruetan zebilen. Gertatutakoa ikusi, eta erasotzaileak zihoazen autoari segika hasi zen.
Arrasatera joan ziren ihesean erasotzaileak. Guardia zibil bete auto, atzetik. Eskola eta lan orduak amaitu berri zirela, ikaslez eta langilez beteta zeuden kaleak; errepidea, enbutu bihurtuta. Erasotzaileak, hiru mutil gazte, ez ziren ohartu guardia zibilak atzetik zituztenaz. Baina errepideko iladan geldi zeudela, guardia zibilak atzetik joan, eta hitzik esan gabe tirokatu zituzten. Gazteetako bi, Joxe Mari Iturrioz eta Roberto Aranburu, hantxe hil zituzten, autotik ateratzen hasi zirenean. Iladan haien atzeko autoan zain zen beste pertsona bat ere zauritu zuten guardia zibilek, tiroketa saio zoroan.
Hirugarren gaztea ez zen autotik atera, eta guardia zibilek atera zuten arrastaka, lau bala bizkarrean sartuta zituela. Orduan hasi zen nahasmen handiena: bidearen beste aldetik, beste pertsona batzuk hasi ziren tiroka, eta aurrez han ziren guardia zibilek ere tiroka erantzun zuten. Guztiak ziren guardia zibilak: Aretxabaletako koartelekoak batzuk, eta Arrasatekoak besteak. Ez zuten elkar ezagutzen, eta kalekoz jantzita zeuden guztiak. Nahasmen horren erdian, guardia zibilek hiltzat jotzen zuten hirugarren gazteak, Kike Zurutuzak, ihes egitea lortu zuen.
Guardia zibilen arteko tiroketak ekarri zion heriotza 52 urte zituen Emilia Larreari. Baserri kanpoan zegoen lagun batekin berriketan. «Baserria goikaldean zegoen, tiroketa lekutik 110 metrora», azaltzen du semeak. Guardia zibilek gorantza egindako tiro askotako batek lepoan harrapatu eta bertan hil zuen. Larrearekin solasean ari zena, Crescencia Bidaurreta, iztarrean beste bala bat sartuta zauritu zuten.
Urtebete beranduago, hiru milioi pezetako kalte-ordaina eman zion Espainiako Gobernuak Larrearen familiari. Murgiondok, ordea, biktima asko ezagutzen ditu eta badu gainontzekoen berri. Hasierako kalte ordainez gain, gainontzekoek gerora hamarna milioi pezetako saria jaso zutela badaki. Beranduago, beste 23na milioi jaso zituztela. Berak ere eskatu ditu ordain horiek, baina ukatu egin dizkiote.«Ez zioten tiro bat buruan eman», arrazoitu zioten behin ezezkoa. «Ez zuelako ETAk hil edo ez zirelako nahita bera hiltzera joan ez digute besteei bezala ordaindu», dio haserre.
Jaurlaritzaren dekretuari buruz, «ondo» dagoela dio; «noski baietz». Beste begirada mota bati ekiteko modua dela uste du. «Bazen garaia! Noizbait konpondu beharko dugu, bakerik ez dugu eta izango bestela».
«... bazen garaia! Inoiz konpondu beharko dugu»
Kaleko jantzitako guardia zibilak elkarri tiroka hasi, eta haien bala batek lepoan jota hil zen Emilia Larrearen semeak gainontzekoen tratu bera nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu