Datorren azaroaren 13an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ehunka etxetako mahaien bueltan bildu eta elkar ezagutzeko aukera izango dute Euskal Herrian bizi diren etorkinek eta bertakoek. Era horretan, eta bazkalorduak eskaintzen duen aukera baliatuz, zubiak eraiki nahi ditu SOS Arrazakeria elkarteak. "Egunerokotik abiatuta, gizartea eraldatzeko urratsak egitea" du helburu egitasmoak, eta aurten, gainera, kirolari ezagunen babesa jasoko du. Egitasmoan parte hartuko dute, besteak beste, Bera Bera eskubaloi taldeak, Xabi eta Mikel Alonso futbolariek eta Leire Olaberria txirrindulariak.
Duela bost urte hasitako ekimena zabalduz doa, apurka-apurka, eta egun dozenaka erakunde nahiz gizarte eragileren babesa du. "Bazkari hauen antolaketa zubiak eraikitzeko aukera da jende askorentzat. Jakin badakigu egunerokoan ere gustura hurbilduko ginatekeela elkarrengana, baina batzuetan ez dugu horretarako une edo leku egokirik topatzen. Hori erraztea du helburu ekimen honek", zehaztu du elkarteak.
Izena eman ahal izango da Mugak.eu webgunean, [email protected] helbidean edo 943-32 18 11 telefonora deituz.
Bestalde, elkarteak iragarri duenez, azaroaren 26an egingo dute Gipuzkoa Solidarioa jaia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Jaialdiak kirola izango du ardatz, baina, horretaz gain, umorerako eta antzerkirako tartea ere izango da.