Nafarroako Gobernua hasia da kudeaketak egiten joan den ostiralean urak harturiko Baztango lekuak hondamendi eremu izendatzeko. Kalteak aztertu ostean hartu du erabakia Yolanda Barcina buru duen gobernuak, eta hondamendi eremu izendapena jasotzeko "beharra" nabarmendu du. Jada egina dio eskaera Espainiako Gobernuari.
Aseguru etxeetako perituak, bestetik, gaur hasi dira uholdeek Baztanen eragindako kalteen zenbatekoa neurtzen. Elizondoko Udalak, berriz, osoko bilkurara deitu du, hondamendi eremu izendatzeko eskatzeko asmoz. Atzo ere herritar franko auzolanean aritu ziren garbiketa lanetan. Herriaren egunerokoa ahalik eta lasterren normaltasunera bueltatzea dute helburu.
Amaiur, diru laguntza eske
Uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko, laguntzak eskatu ditu Amaiur koalizioak. Legez besteko proposamena aurkeztu du Espainiako Kongresuan. Diru laguntzak hondamendi eremu izendatzeko eskaera egiten duten udalerriei emateko galdegin du Amaiurrek, "kalteak konpondu eta normaltasunera itzultzeko". Laguntzak dekretu bidez emateko plan bat exijitu dio Madrili.