EUSKAL HERRIA

Baztandarren Biltzarraren 50. urteurrena ospatu dute Elizondon

1963an egin zuten lehen Baztandarren Biltzarra, haraneko herriak bilduko zituen festa bat antolatzeko. Asteburu osoan izan dira ospakizunak.

2013ko uztailaren 22a
15:19
Entzun

Baztango herritarren arteko adiskidetasuna eta elkartasuna bultzatzen duen festa ospatu zuten atzo baztandarrek, Elizondon (Nafarroa). Hori bakarrik ez, Baztandarren Biltzarrak mende erdia bete duela ere gogoratu zuten harana osatzen duten hamabost herriek, eta egun osoko festa egin zuten.

1963an egin zuten lehen Baztandarren Biltzarra, helburu argi batekin: Baztango herriak bilduko zituen festa bat antolatzea. Herri guztiei orga bat apaintzeko eskatu, eta bertako ohiturak edo izaera adierazteko eskatu zitzaien. Azkar hartu zuen sona festak.

Egun, haraneko bizilagunak ez ezik, Euskal Herri osokoak biltzen dira. Urte osoan antolatzen dituzte hainbat ekitaldi, baina aurten 50. urteurrena bete duela aitzakia hartuta, ahalegin berezia egin dute horretan sakontzeko. Hamabost herrietako kultur taldeekin aparteko egitaraua osatu dute, eta biltzarraren historia erakusten duen argazki erakusketa bat ere egin dute.

Merkatuko zelaia eta Laxoa pilotalekua izan ziren festaren gune nagusiak igandean. Hor egin zituzten ekitaldi guztiak. Guztira, 23 orga atera ziren desfilean. Baztango haraneko herri bakoitzak bat egin du, baina Elizondok, bost. Horietaz gain, Baztango ikastolak, Frantzisko Xabier eskola publikoak eta herri ekinbideak ere atera zuten bana.

Desfilea egin eta gero mutil dantzak dantzatu zituzten herriko plazan, eta, ondoren, herri bazkaria egin zuten merkatuko zelaian. Gauean, erromeriak girotu zuen herria, Laiotz eta Trikidantz taldeekin. Baztandarren Biltzarreko eguneko festa bukatu arren, urteurreneko ospakizunek segida izanen dute hurrengo hilabeteetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.